Danontzat gaztetxearen egoera zein den azalduko dute barikuan

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 8a, 13:00

Danontzat gaztetxea.

Plentziako eta Gorlizko Danontzat gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez, Plentziako Udaleko oposizioko alderdiek gune autogestionatuaren "legez kanpoko egoera" salatu dute osoko bilkuran eta hainbat hedabidetan. Hori dela eta, gazteek lokalaren gaur egungo egoera zein den publikoki azalduko dute barikuan, hilaren 11n, udaletxearen aurrean, 19:30ean.

Besteak beste, Plentziako Independenteak taldeak gaztetxea ixtea eskatu du: "Aktibitaterako Lizentzia egon ezean, bertan egiten diren jarduera denak bertan behera utzi beharko lituzke Udalak. Hori dena legeztatzea beharrezkoa da, inspekzioak egiteko eta bertara hurbiltzen den jendearen segurtasuna bermatzeko beharra dago". Alderdi politikoak eskerrak eman gura izan dizkie Danontzat gaztetxeko kideei, euren egoera publikikoki azalduko duelako; hala ere, horren ardura David Crestelo Plentziako alkatearena dela uste du oposizioak.

Bere aldetik, Haizea Agiriano EH Bilduko zinegotziak uztailaren 27ko osoko bilkuran jakinarazi zuenez, gaztetxearen eta Plentziako Udalaren artean hartu-emana egon da, gune autogestionatuaren egoera legeztatzeko asmoz. Ondorioz, lokalaren arduradunek obra- eta aktibitate-proiektu bana garatzeko ardura hartu zuten bere garaian. Agirianok gogoratu zuenez, hori dena bulego teknikoan dagoen txostenean ikus daiteke, eta oraindino obra bat egitea gelditzen dela gaineratu zuen, "hori egin ostean, amaitutzat emango litzateke gaztetxeak aurkeztutako obra-proiektua, baldin eta udal-arkitekto batek oniritzia emango balio. Hala, azken urrats horren faltan dago Aktibitaterako Lizentzia ematea", azaldu zuen EH Bilduko zinegotziak. 

Danontzat gaztetxearen oharra:

Duela lau urte eta erdi, gaztetxea okupatu genuen egun berean, parez pare ireki genizkion ateak herriari. Pixkanaka-pixkanaka gaztetxearen erabilera normalizatu egin da eta gaur egun hamaika elkartek eta eragilek erabili ohi duzue gure lokala bilerak, ekitaldiak, bazkari herrikoiak edota jaiak egiteko (IGE, Arkoteko Beteranoak, Sorginen Alabak, Plentzia Kantari edo Frackingaren aurkako taldea, besteak beste). Adin ezberdinetako mila kuadrilla hurbiltzen zarete gurera jaiak prestatzeko, hamarnaka guraso zuon seme-alaben urtebetetzeak ospatzeko, askotariko estilodun musika talde pila entseatzeko, hamaika gazte (eta ez hain gazte) gaztetxeko asanbladak antolatutako hitzaldi, antzerki, ikastaro edota jaiekin ikasi eta gozatzeko... Gaztetxea herritik eta herriarentzat sortu zen eta horrek gure lokala Plentzia-Gorlizko errealitatearen isla bihurtzea eragin du.

Oraingoan gaztetxeak zuek guztiok behar zaituzte; eragile, elkarte, musika talde, kuadrilla, guraso, gazte, ume... Ostiral arratsaldean egingo dugun prentsaurrekoan agerian utziko dugu gure proiektuak herri oso bat duela atzetik eta horretarako zuon presentzia ezinbestekoa da. Argi erakutsi diezaiogun gaztetxea kriminalizatu nahi badute, Plentzia eta Gorliz kriminalizatu beharko dutela, euren joko alderdikoitik atera behar gaituztela behingoz!

Ostiral honetan, abuztuak 11, arratsaldeko 19:30ean etor zaitez Plentziako udaletxe aurrean egingo dugun prentsaurrekoan zure babesa adieraztera! Gaztetxea ukitu bez, Danontzat herriarena da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun