Udalak hilabeteak daroatza lankidetzan hainbat pertsonagaz eta erakundegaz, urtemuga biribila ospatzeko ekintzak prestatzen. Daborduko ekitaldi batzuk prest dituzte, denak trenaren munduari, historiari eta Plentzian izan zuen garrantziari lotutakoak.
Programa urtarrilaren 15ean hasiko da; eta hilaren 27ra bitartean, 12 bildumatako askotariko zigiluak ikusi ahal izango dira Goñi Portalen. Otsailean, Areeta-Plentzia tren-linearen gaineko horma-irudia egingo dute Matrailunen. Martxoan, ostera, inauteri tematikoen gaia «Trena» izango da. Apirilaren 23an umeentzako liburu bat aurkeztuko dute. Maiatzean, berriz, Uribe Kosta institutuko ikasleek trenari lotutako askotariko lanak egingo dituzte, eta jendaurrean aurkeztuko dituzte. Ekainean, Lanbro Beltza eleberri beltzaren topaketaren barruan, «Trena» gaia jorratzeko mahai-ingurua egingo dute. Uztailean, Mikrofilm Short Festival-eko leitmotiva «Bidaia» izango da eta videomapping teknikaren bidez trenaren gaineko proiekzioa egingo dute. Uztailean, XI. Plentziako lekuko historia jardunaldietan, trenari buruzko hitzaldiak egingo dituzte. Abuztuan, irailean eta urrian ere ekitaldi bana egingo dute.
Historia apur bat...
Trena XIX. mendearen amaiera aldera iritsi zen Plentziara, eta horri esker, herria jomuga turistiko bihurtu zen. Negozio berriak sortu ziren higiezinen sustapenaren eta ostalaritzaren inguruan, merkataritza-sarea hazi egin zen eta bizi-gune berriak garatu ziren. Urte horretan bertan sortu zen Casino Aurrera Aisialdi Sozietatea, ur depositua martxan jarri zen… Aurrerapen horiei eta trenaren eraginez iritsi ziren lehen udatiarrak Plentziara.
1893. urtea zoragarria izan zen Plentziarentzat, gertakari garrantzitsuz betea, esaterako trenaren etorrera irailaren 4an. Egun hartan, goizeko hamarretan inauguratu zen zerbitzu berria "jendetza handi baten aurrean".
Trena nasara iritsi zenean, orduko agintarien aurrean lau biba bota ziren: "lehena, Plentziaren oparotasuna islatzen duen trenaren arrakastaren alde; bigarrena, plentziarren alde; hirugarrena, bakearen alde; eta azkena, trena eraiki duen ingeniariaren alde". Garai hartako kronikek diote ekitaldi hartara bildutako jendea negarrez hasi zela, hunkiturik, bazekielako gurdietatik garraiobide modernoetara pasatzen ari zirela eta, nolabait, aroz aldatzen ari zirela.