Lau elementu bio-osasuntsu jarri dituzte Plentziako pasealekuan

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 19a, 10:17

© PLENTZIAKO UDALA

Udalerriko pertsona nagusientzako ariketa- eta mantenu-gune berria osatu du Plentziako Udalak, Ibiltokia pasealekuan, haur-jolasetarako eremuaren ondoan. Arduradunek azaldu dutenez, lau aparatu jarri dituzte bertan, "oso eraginkorrak dira, inpaktu gutxikoak eta aproposak lesioak saihesteko".

Eremu berrian jarritako lau elementuak ondokoak dira: besoetarako bizikleta bikoitza duen bankua, pedalak dituen banku bikoitza, sorbaldarako gurpila eta sorbaldarako eta atzamarretarako eskailera.

Bereziki diseinatuta daude gorputzeko artikulazio gehienen zabalera, hanken indarra, oreka eta martxa mantendu eta hobetzeko. Baliagarriak dira entretenimendurako, baina, horrez gain, aire librean daudenez,  pertsonen ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala hobetzen dute.

Aparatu horiek errehabilitazio-mediku eta fisioterapeuta baten laguntzaz garatu dira eta betetzen dute EN16630:2015 Araua, zeinak aire librean instalatutako entrenamendu fisikorako ekipo finkoen entsegu-metodoak eta segurtasun-baldintzak ezartzen baititu.

Dentsitate handiko polietilenoz fabrikatuta daude, graffitien aurkako tratamendua dute eta ez dute  mantenurik behar. Altzairu herdoilezinezko eta polietilenozko mekanismoak ditu. Zati metalikoak kalitate handiko altzairuz egindakoak dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun