Jai-Alai frontoiaren egoera irregularra legeztatu gura du Plentziako Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 31a, 13:54

Plentziako Jai-Alai pilotalekua.

Jai-Alai pilotalekuak bizi duen irregulartasun-egoera legalizatzeari ekin dio Plentziako Udalak. Euskal Herriko Itsasertz Mugarteari azpiegitura horren okupazioa eskatzea onartu du Udalbatzak, aho batez. Izan ere, frontoia itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko eremu batean eraiki zuten 1986an, eta egiturak inoiz ez du izan horretarako baimenik.

Plentziako Gobernu-taldeak Jai-Alai pilotalekuaren egoeraren berri izan zuen eraikinaren berriztatze-lanak egiteko baimena eskatu ziotenean URAri eta Itsasertz Mugarteari, hilaren hasieran. Azken organo hori izan zen kirol-azpiegituraren egoera ilegalaren berri eman ziona Udalari, eta erregularizatzeko bidea ekiteko bidea zabaldu zion.

Hala, frontoiaren interes publikoa justifikatzen duen memoria aurkeztu beharko du Udalak orain, baita horren eraisteak jabari publikoari onura handirik ekarriko ez diola baieztatzeko ere. Hori egin ezean, eraikina eraisteko agindua eman lezakete.

Jai-Alai frontoia berritzeko obrak

Irregulartasun horren berri jaso du Udalak eraikina berritzeko eskaera egiteko unean. Proiektu horretarako aurrekontua 402.471 eurokoa da,  estaldura, aurrealdea, komunak eta aldagelak berritzeko. Une honetan, prozesua paralizatuta gelditu da, eraikinaren egoera erregularizatu bitartean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun