Albaola Itsas Faktoriako presidentea den Xabier Agotek AEBetako ekialdeko kostako uharte baten berri jaso zuen liburu baten bidez; Maine estatuan dago uharte hori eta euskal izena dauka: Plazentzia. Dokumentu zaharren arabera, euskal balea-arrantzaleak han ibili ziren 16. mendean, elkarlanean inguruko biztanle indigenakaz. Handik urte batzuetara Xabier Agotek hara joatea erabaki zuen, euskaldunek utzitako arrastoen bila. "Elkarrekin-Together" dokumentalak espedizio horren berri ematen digu: nondik nora ibili ziren, zer topatu zuten…
Xabier Agote ez zen bakarrik abiatu espedizioan; arkeologo talde bat eroan zuen beragaz eta, horrez gainera, dokumentala osatzeko kameraria eta soinu-teknikaria. Migeltxo Molina izan zen kameraria eta berak zuzendu du dokumentala, Itziar Garcia ekoizle-zuzendariagaz batera. Miguel Garcia izan da soinu-teknikaria. Xabier Alberdi historialari zarauztarrak ere parte hartu du proiektuan.
"Elkarrekin-Together" 2017ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen eta harrera ona izan zuen kritikaren aldetik.