Aurtengo aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu du Plentziako Gobernu-taldeak

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 22a, 17:47

Gobernu-taldeak aurkeztutako aurrekontuen zirriborroaren arabera, 4,7 milioi euroko aurrekontua izango du Plentziako Udalak 2018an, aurreko ekitaldian baino 309.918 euro gehiago.

Plentziako Gobernu-taldeak 2018rako aurrekontuen zirriborroa aurkeztu die gainerako talde politikoei, EH Bilduk jakinarazi duenez. Joan den urtarrilaren 16an Ogasun Batzordearen ez-ohiko saioan "zehatz-mehatz" azaldu zituzten aurten izango diren diru-sarrera eta gastuen kapitulu denak.

Gobernu-taldeak jakinarazi duenez, 2018an 4.725.643,14 euroko diru-sarrerak izango ditu, hau da, aurreko ekitaldian baino 309.918,14 euro gehiago (%5,6). "Funtsean, hazkunde hori zor zaio Udalkutxa finantzaketa-funtsak eginiko ekarpen positiboari, berau delarik diru-sarreren iturri garrantzitsuena", arduradunek azaldu dutenez. Hala ere, Udalak 30.036,43 euro itzuli beharko dizkio Foru Ogasunari, "azken horrek gaizki egin zuelako OHZ-gatik eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarengatik biltzekoa zen diruaren aurreikuspena", jakinarazi dutenaren arabera.

Era berean, diru-sarreren artean hainbat arlotan aurrezpena lortu dela jakinarazi dute. Berbarako, argindarraren fakturan 2014an 204.285,69 euro gastatzetik eta 2017an 135.241,46 euro ordaintzera igaro ziren; kopistegi zerbitzuan %70 inguruko aurrezkia izan dute; zakur-bilketa zerbitzuan ere 2.551,89 euro gastatu zituzten iaz, "2015ean (11.073,17 euro) baino askoz gutxiago". Politikarien ordainsarietan ere 20.933,93 euro aurreztea lortu dutela azaldu dute arduradunek: "2017an 69.766 euroko ordainsariak izatetik, 48.832,07 eurora jaistea proposatu da 2018rako, Gobernu Batzorderik ez dagoelako".

2018an Udalak asmoa du Gaminizen dauzkan 5 bat aparkaleku-plaza esleitzeko, "eta baliteke horrek ez-ohiko diru-sarrerak sortzea", iragarri dutenez.

Gastuak

Aurten hainbat proiektu idazteko eta aztertzeko prozesuei "garrantzi handia" emango dietela iragarri dute. Berbarako, Arpillaoko udal-aparkalekuaren egoerari buruzko diagnostikoari, herriko neska-mutilen esku dagoen Plentzia Amesten ekimenari edo Mungia Bidea errepide zatian (Hiltegiko eskaileretatik hasi eta Palanketera arte) espaloiak jartzeko proiektuari. Gainera, inbertsioak egingo dira Udalaren hainbat lokalen jarduera erregulatzeko, hala nola errugbi zelaiko txokoa, hondartzako taberna zaharberritzeko eta martxan jartzeko proiektua, eta hainbat kirol taldek beren ontziak gordetzeko duten biltegiko jardueraren aldez aurretiko jakinarazpena. "Horrek esan nahi du, hainbat inbertsio egin beharko direla proiektu horietan".

Hirigintza, lana eta zerbitzuak

Arlo horretan hainbat proiektu daude aurreikusita: gaur egun hainbat elkartek erabiltzen duten kultur etxe zaharreko (Kristo Eskailerak) eraikinaren teilatua zaharberritzeko lanak (14.301,27 euro); Txurruatik Puntebusterrira doan Areatzako tartea asfaltatzea (130.068,67 euro, Gorlizek eta Plentziak finantzatuta) eta Txipio Bidea urbanizatzea, errugbi zelaitik Musaurieta arteko zatian.

Bestalde, Ontziola plazan turismo bulego berri bat eraikitzeko proposamena azpimarratu dute, udaletxearen ondoan, 70.158 euroan. "Hala, ez litzateke gehiago ordainduko jubilatuen etxeko alokairu-errenta, zeren jubilatuak egun bulegoa dagoen tokira joango lirateke, eta bulegoa bera eraikin berrira". Iragarri dutenez, errentan aurreztutakoagaz eraikina 4 urtean amortizatuko litzateke.

Bestalde, Udalak argiztapen publikoan inbertitzen jarraitu gura du: azken koadro elektriko zaharra berritu (5.182,43 euro) eta kaleko argi berriak jarri herriko hainbat eraikin eta kaletan.

Inbertsioak ere iragarri ditu hainbat kirol instalaziotan, hala nola padel pistetan, Ardantza errugbi zelaian (inguruko hesia eta aterpearentzako teilatua), Errotabarri futbol zelaiko sareetan eta piraguismo lokaletan (sistema elektrikoa berritzea).

Kirolen arloan, "aurrera jarraituko dugu Plentziako taldeak babesteko ekimenarekin, euren eguneroko kirol jarduerarako behar dituzten diru-laguntzak mantenduz, kirol ekitaldiak bultzatuz eta kirol instalazioen erabilpena erregulatuz".  

Kulturagaz ere "berdin" jokatuko dutela iragarri du Gobernu-taldea. Kulturari lotutako diru-partida handitzea proposatu dute, "kultur ekitaldien aldeko apustua egiten jarraitzea, halakoak sendotu eta errotzeko". Jarduera berriak jarriko dituzte martxan baita ere, Plentziako kultur agenda dibertsifikatzeko eta kokaleku berrietara eramateko. Bestalde, Plentzia Kulturaz marka sendotu gura dute, "inbertsio bat delako herriarentzat".

Berdintasun eta Jendarte Ekintza

Berdintasunari lotutako aurrekontua handituko dute, udalerriko mugimendu feministak proposatutako jarduerakaz kolaboratzeko. Hala, 2017an 10.000 eurokoa zen partida 20.000 eurokoa izango da 2018an, "kontuan hartuz herri-mugimenduak ekimen gehiago antolatuko dituela, eta gainera, Udalak proiektu bat bultzatu nahi duela Emakunderekin eta Uribe Kostako Mankomunitatearekin batera, Plentziako Indarkeria Matxistaren aurkako Planaren puntu estrategikoetako bat garatzeko".

Herriko jubilatuek Udalaren laguntza jasotzen jarraituko dute, Udalak bere gain hartuko dituelako jubilatuentzako lokalaren gastuak eta, horrez gainera, 4.000 euroko diru-laguntza nominatiboa ere emango diete. Gazteek, bestalde, badituzte Topaleku Zerbitzua, Gazteentzako Informazio Puntua, Gazte Plana eta Plentziako gazte-mugimenduarekin sor litezkeen balizko kolaborazioak.

2016ko (Enplegu Anezka) eta 2017ko (45 urtetik gorako Emakumeen Enplegagarritasuna) politikagaz jarraituz, 2018an 15.000 euro bideratuko dituzte prestakuntza-proiektu batentzat, Enplegua Sustatzeko. Arlo horrek finantzatuko du orobat udako langileen kontratazioa eta Eskualdeko Enplegu Plana (Behargintzaren laguntzagaz).

Ez dute aldaketarik proposatzen gizarte arloko irabazi asmorik gabeko erakundeek jasoko duten laguntza ekonomikoko partidan: 20.000 eurokoa izango da guztira.

Ingurumena

Isuskitzako udal-lurretan bertako basoa berreskuratzeko 15.000 euroko aurrekontua bideratuko du Udalak, iaz ingurune horretan hasitako proiektuagaz jarraituz.

Plentziako turismo materiala berritzeko apustu egiteaz gain, Turismo Bulegotik hiribilduan gertatzen diren ekimen eta notizien, sare sozialen bitartez berri emateko proiektua garatuko da.

Komertzioari dagokionez, herrian zehar jarritako informazio-panelak eguneratu eta berriztatuko dituzte. Gainera, Ostalarien Elkarteagaz batera herri komertzioaren aldeko sustapen kanpaina abiatuko dute.

Euskara

Arlo horrek ez du izango hazkunde handirik; Euskara Agenda suspertzen jarraituko dute, herriko gizarte- eta kultura-eragileen laguntzagaz eta Gorlizeko Euskara Zerbitzuagaz koordinatuta. Partida berri bat sortuko duten, aurten egingo den Euskaraldia antolatzeko eta Plentziako taldeen proposamen berriak jasotzeko (adibidez, Literohitura Irakurle Taldeak idazleakaz antolatutako hitzorduak). "Asmoa da iazko ildoari eustea, espazio berrietara inplementatuz".

Hezkuntza 

Hezkuntzari lotutako aurrekontua handitu egingo dute, batez ere eskolako instalazioen mantenu-beharrengatik. Aurten, hezkuntzako agenteek lagundu diote Udalari hainbat jardueratan, eta ez da hazkunderik planteatu proposamen horiei esleitutako zenbatekoak handitzeko, Plentziako Eskolako Guraso Elkarteari zuzendutako partidan izan ezik; kasu horretan, partida hazi egin da, 2016tik detektatu den Udalaren akats bat konpontzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun