Espainiako Ingurumen Ministerioak diru-laguntza emango dio Plentziako Udala garatzen dabilen Tranpaerreka-Isuskitzako hariztia zaharberritzeko egitasmoari. Zehazki, ekosistemak klima aldaketari egokitzeko proiektuen artetik aukeratuetako bat izan da Plentziakoa.
2017ko udaberrian herrian antolatutako I. Jardunaldi Ekologistak izan ziren ekimenaren abiapuntua. Haietatik sortu ziren lantaldeetako batek Isuskitzako hariztia zaharberritzeko helburua ipini zion bere buruari. Gazteei lan-mundura sarbidea errazten diharduen Bihurtuz elkargoarengana jotzea izan zen hurrengo pausoa: haiek sortu zuten lehenengo mintegia Tranpaerreka inguruan.
Ondoren, eskolako umeek ezkurrak landatu zituzten euren ikasgeletan, eta haietatik jaiotako haritz-kimuak Tranpaerrekara eroan zituzten. Bideo honetan ikus daiteke zelan azaldu zieten umeei Isuskitzako basoaren historia eta ezkurrak zelan landatu.
2018 hasieran lursailaren mugak zehaztu dituzte. Ikusi dutenez, espezie inbaditzaileek (eukaliptoak, akaziak...) hartuta daukate ia eremu osoa. Aurten beste bost mintegi sortu eta bestelako espezieak landatuko dituzte: haritzak ez ezik, lizarrak, gaztainondoak eta arteak ere ipini gura dituzte bertan.