Ahoztar Zelaieta kazetari santutxuarrak eskarmentu handia dauka ikerkuntza-kazetaritzan. Tas-tas irratian hazi ostean, "Egin" egunkariko ikerketa-taldean ibilbide oparoa egin zuen. Baltasar Garzón epaile espainiarrak komunikabide hori itxi ostean, "Ardi Beltza" eta "Kale Gorria" aldizkarietan jardun zuen. Azken hori 2004an itxi ostean hainbat urte eman zuen kazetaritzatik kanpo. Kriminologia ikasi zuen eta Euskal Herriko lehen kriminologo-elkarteko sorreran parte hartu zuen.
Orain dela bost urte, "Jóvenes Burukides Bizkainos: Clientelismo y fontanería" ikerkuntza-liburu monografikoagaz bueltatu zen, Txalaparta argitaletxearen eskutik. Arrakastaren ondorioz, urtero beste monografiko bat argitaratu du, Algortako Hincapié elkarteagaz: "La Casta Vasca", "Kutxabank: El saqueo de Euskal Herria" eta "Evasores, morosos y millonarios vascos. Panamá connections". Joan den Durangoko Azokan aurkeztu zuen bosgarren liburua, EAEko "ustelkeria-kartografia" bat, egilearen berbetan. Alderdiko kide batek egindako konfidentzietan oinarrituta, Zelaietak marraztu egin du EAJk euskal ekonomiaren sektore estrategikoetan eta "diru-laguntza publikoak irensten duten enpresetan" dauzkan pertsona nagusien mapa. Zelaietaren arabera, "%4 eta %20 arteko" etekinak ematen ditu "nazio-sareak".