Omenaldia 2018ko apirilaren 21ean egingo da, goizeko 10:30ean Plentziako Astillero Plazan, Udaletxearen aurrean. Amaitzeko, aurreikusita dago bazkaria egitea Plentziako Kasinoan, 15:00etan.
Omenaldira joango diren ikasleez gain, gonbidatu bereziak ere jardungo dira. Roberto Etxebarriak trikitixagaz alaituko du giroa, eta Berrizko San Lorentzo dantza-taldeak Dantzari-dantza eta Soka-dantza (Erregelak) dantzatuko ditu. Askoz urrunagotik etorriko dira Mixel Etxekopar eta Jean Mixel Bedaxagar musikari zuberotarrak. Baliteke Niko Etxartek ere parte hartzea omenaldian, oraindik baieztatu barik egon arren.
Ibilbidea
Sabin Egiguren 1940an jaio zen eta hamar urte zeuzkala lehen dantza-eskolak jaso zituen Bittor Olaeta Torrezuri irakaslearen eskutik. 1964an, Jose Fernandez Armiñanzas eta Josu Martinezegaz batera, euskal dantza tradizionaleko Gorantza hiri-giroko taldea sortu zuen. Gerora Herrikoi izena hartuko zuen, eta beranduago, Bizkai euskal dantzari taldea.
1976an, Bizkai Euskal Dantza Tradizionaleko Eskola sortu zuen Egigurenek. Euskal Herrian sortutako dantza tradizionaleko lehen eskola izan zen, hamasei urtetik gorako jendeari zuzendua eta adin-muga barik.