Festa hori kalejiran oinarritzen da eta, bertako taldeez gain, kanpoko talde batek parte hartu behar du horretan, derrigorrez. Izan ere, kanpoko talde hori herria inbaditzera doa, eta bertoko herritarrek barrikadak antolatu behar dituzte haien etxeak eta familiak defenditzeko. Antzeztutako borrokak dira horiek eta talde bakoitzak aukeratzen du dantza, kanta edo antzezlana egitea hori irudikatzeko.
Plentzia Kantagune taldeak antolatu du festa, eta parte-hartzaileak hauek izan dira: Ongi Etorri Errefuxiatuak, Itxas Argia (Algorta), Kresaltsu (Itzubaltzeta/Romo), eta Sopelako lagun dantzariak. Talde bisitaria, aldiz, Salbatzaile Dantza Taldea (Bilbo) izan da.
Domekan hiru barrikada egon ziren kanpotik etorritako dantza-taldetik "defendatzeko". Lehenengoa Plentziako zubiaren ondoan egon zen, eta horretan Plentzia Kantagune taldeak jardun zuen; bigarrena, aldiz, Eliz enparantzan izan zen, Itxas Argia taldearen eskumenez. Azkenik, Ontziola plazan denak egon ziren kanpoko taldeagaz “borrokan”.