Goizeko 11:00etatik hasita, kontzertuak, elkarrizketak, produktuen dastaketa, lora mandala tailerra, hazien trukaketa eta pintxoak egongo dira, besteak beste, Plentziako Erribera kalean. Azokak 15:00etara arte iraungo du.
Txakinarto kontsumo-taldeko kideek jakinarazi dutenez, azokan honako produktuak dastatu eta erosi ahal izango dira: esnekiak, barazkiak, marmeladak, pizzak, kosmetikoak eta bertako garagardoak. "Den-denak osasuntsuak, ingurugiroa errespetatuz ekoiztuta, eta hurbilak", azaldu dute.
Azokak iraungo duen bitartean, musika-talde batek kontzertua eskainiko du. Hala, 11:15ean Crazy Jazzers taldeak kontzertu ibiltaria eskainiko du, baita 13:00etan ere.
Txakinarto kontsumo-taldea
Txakinarto kontsumo-taldeak eredu sozial eta ekonomiko jasangarri eta solidarioaren alde egiten du, "ingurugiroa, dibertsitatea eta bertako produktuen alde". Hala, batetik, kalitatezko produktu ekologikoak ipintzen dituzte herritarren eskura; eta, bestetik, eskualdeko ehun ekonomikoa indartu gura dute.
Txakinarto plataforma irekia izateko asmoz sortu da, Plentzia eta inguruko udalerrietan kontsumo-eredu berriak sortu eta sareak sustatzeko, "bizitza sozial eta kulturalean ere gure ekarpena eginez".