Gurasoen eta seme-alaben arteko desafioa egingo dute Plentziako itsasadarrean

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 24a, 18:13
Txipio bateleko eskifaia. © ARKOTE

Datorren zapatuan batel-estropada berezia antolatuko du Arkote arraun-taldeak: klubeko 12 eta 13 urteko neska-mutilek desafioa edukiko dute euren gurasoen aurka. 13:30ean hasiko da erronka, Plentziako portuan.

Belaunaldien arteko estropadan ontziek itsasadarrean gora egingo dute eta Piruliaren parera joango dira, ziaboga egitera. Estropada portuan amaituko da, 1.000 bat metro beteta. Klubaren ustean sei minutuko iraupena edukiko du probak, gutxi gorabehera.

Joseba Bilbao Ormaza entrenatzaileak azaldu duenez, ontzi bakoitzean launa batelarik eta patroi banak jardungo dute, eta irabazleek bandera bat jasoko dute, ohiko estropadetan legez. Gainera, entrenatzaileak ezustekoren bat agindu du. Lehiaren ostean, denek elkarregaz bazkalduko dute. Bazkaria izan zen ekimen horren abiapuntua, hain zuzen: gurasoak harro zeuden seme-alabek egindako lanaz eta aita-amek eurek eta entrenatzaileek edukitako inplikazioaz eta partizipazio-sentimenduaz. Hala, otordua finkatzen zeudela gehitu zioten erronka.

Bilbaoren ustean, "familien inplikazio barik ez dago ume horien garapen integralean beharrezkoak diren parametro denak; familiak ere parte dira gure planteamenduan eta inplikatu egin behar ditugu, bideak eskainiz, eurak sentitzeko Arkoteko partaide. Hori indar handiko eredua da gure txikerrentzat".

Entrenatzaileak azaldu duenez, "gura dugu ekimena omenaldia izatea gure gaztetxoentzat ere. Aurten bizi izandakoa handia izan delako, eta familiak horren partaide dira". Berbarako, gaztetxoak Bizkaiko Txapeldunak izan dira, eta aurrekoan bigarren izan ziren Bermeon, segundo bateko aldeaz.

Entrenatzeaz gainera, hezi

Arkoten, maila txikietako entrenatzaileek ikasturte bi daroatzate lantzen arraunlarien familiek klubeko bizitzan gehiago parte-hartzea. Bilbaok akordura ekarri duenez, «ezarri genuen helburu zehatz bat: kirola tresna izatea, bizitzan hezteko. Eskolan ez ezik, kirolaren bitartez ere landu daitezke hainbat esparru: pertsonala, soziala, emozionala... Eta gure jarduera da esparru horiek ere formazio espezifikoen bitartez lantzea». Arlo fisikoa eta teknikoa bazeuzkaten "nahiko ondo jorratuta, ezagutza handiagaz", baina falta zitzaien pertsonei dagokien esparrua. "Taldean edo norberaren heziketan parametro garrantzitsuak dira ikasteko eta kooperatzeko ahalmenak". Hortik jaio zen familien inplikazioa eta konpromisoa isiotzea. Urte bian jorratutako bideak hainbat fruitu eman du, eta zapatukoa beste bat izango da, Arkoteko entrenatzailearen ustez

Prestaketak

Daborduko ia hilabete bi daroatzate entrenatzen gurasoek, astean birritan, zapaturako prestatzeko. Aste honetan egunero dabiltza gurasoak eta umeak, "estropada lehiaketakoa balitz bezala", dio Bilbaok. Gurasoek "balorazio oso ona egin dute, oso pozik ateratzen dira entrenamenduetatik, ilusioz eta irribarretsu, nahiz eta batzuetan eurentzat gogorra izan, hainbat urtean kirola egin barik ibili direlako".

Pozarren dabil Bilbao desafioaren ibilbideagaz: "Lortu duguna izan da talde horregaz edukitzea euren seme-alabek egindako lanaren gaineko kristoren atxikimendua eta sentimendua. Eurek planteatu zuten erronka indartsu hori. Kristoren konpromisoa agertu dute, gainera; asistentzia kristorena izan da. Nik ere oso serio hartu dut, eredu bezala: nik euren seme-alabei eskatzen diedana beraiei ere eskatu diet: puntualtasunez etortzea, uniformea jantzita, bakoitza bere materialagaz, oinarrizko kontuak. Izan ere, erraza ez badugu ondo egiten, arraun egiteko txarto ibiliko ginateke. Ez da kasua izan, lortu duguna izan da pasioa elikatzea".

Pasadizo hori "gurasoentzako formazio-prozesu" bat legez hartu dute Arkoten, arraun-mundua ezagut dezaten. Kirol horretako tresna indartsuenak probatu dituzte; batez ere, bateletan ibili dira, baina badira beste elementu batzuk: trainerillak, traineruak, skiff, eta aulki mugikorra, horietan denetan jardun dute.

Beste desafio bat egingo dute uztailean

Plentziako madalenetan egongo da beste batel-estropada bat, gazte-mailan. Hori dela eta, Joseba Bilbaok erronka bota die Arkoteko gaztetxoei, uztailaren 20ra arte entrenatzen segitzeko. Data horretan erronka izango dute, hasieran pentsatuta zegoen bezala. Izan ere, zapatuan talde mistoetan jardungo dute aita-amek eta seme-alabek. Aldaketa hori azken orduan egin du Bilbaok taldeak orekatzeko, mutiko txikiek abantaila lar zeukatelako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun