Lehengo batean, David Crestelo EH Bilduren alkateak udal-kontuen proposamena erretiratu egin zuen, oposizioko taldeakaz negoziatzeko. Hala ere, ez zen bozketarik egon. Bigarrenean, berriz, EAJren eta Plentziako Independenteen botoakaz aurrera atera ziren; alderdi horiek biek 458.000 euroko zuzenketak aurkeztuta. Azkenik, atzo, Esku-hartze Arloak emendakinetan eskatutako zuzenketak egin ostean onartu zituzten aurrekontuak EAJk eta Plentziako Independenteek. Hala, 4,7 milioi euro kudeatuko ditu Udalak, aurten.
Egindako zuzenketen artean, besteak beste, turismo-bulego berria (76.000 euro) ipiniko dute eta Ontziola plazan; Saratxaga, Gatzamiñe eta Isuskitza metroagaz lotzeko garraio publikoa (70.000 euro) ezarriko dute. Alkatearen iritziz, "horiek denak egiteko, besteak beste, Isuskitzako basoa birpopulatzeko 11.000 euro galduko dira". Independenteen arabera, ostera, "dirua ez zaio inori kenduko; Bilduk gura duen modu ezberdinean banatuko da". Bitartean, EAJk "oposizioagaz negoziatzeko lana hartu ez izana" aurpegiratu zion EH Bilduri.