Gizon gazte bat atxilotu dute Plentzian marihuana-plantazioa edukitzea leporatuta

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 13a, 11:55
© SEGURTASUN SAILA

Ertzaintzak 29 urteko gizon gazte bat atxilotu zuen eguenean, Plentzian; bizi zen etxeko sotoan, ezkutatuta zeukan marihuana plantazio bat aurkitu egin zuten, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazi duenez.

Plantazioan hogei mila landaretik gora omen zituen, eta eguenean bertan desegin zuten. Arrastatuari argindarragaz iruzur egitea ere leporatu diote.

Plantazioa joan den eguenean aurkitu zuten, pertsona batek Ertzaintzari jakinarazi ostean Plentziako etxe batean lapurretan zebiltzala susmatzen zuela. Polizia-baliabideak berehala joan ziren esandako lekura, eta garajeko atea erdi zabalik aurkitu zuten. Barruan norbait delituren bat egiten egon zitekeela pentsatuta, ertzainak ozenki identifikatu ziren, eta eremua miatu zuten norbait ezkutatuta egon zitekeelakoan. Garajearen aldamen batean airea ateratzeko hainbat hodi ikusi zituzten, sotora egindako zulo handi batetik irteten zirenak. Agenteak sotora jaitsi zirenean marihuana hazteko instalazio bat aurkitu zuten, eta bertan erauzgailuak, filtroak, ur-depositu bat, instalazio elektriko bat eta argiteria.

Berehala, eta barruan inor ez zegoela egiaztatu ostean, aurkitutako ebidentziak babestu eta agintaritza judizial eskudunari eman zioten aurkitutakoaren berri. Aldi berean, mila landaretik gora zituen plantazioaren jabea identifikatzeko ikertzen hasi ziren. Eguen arrastian identifikatu zuten etxebizitzako bizilaguna, eta atxilotu egin zuten osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta.

Argindarra

Bestalde, plantazioa aurkitu zuten agenteak ohartu ziren marihuana hazteko eta instalazioak mantentzeko beharrezko azpiegiturak argindar fluxu handia behar zuela; besteak beste, hainbat lanpara, erauzgailuak eta ureztatze-sistemak baitzeuden. Horrela, egiaztatu zuten instalazio elektrikoa legez kanpo konektatuta zegoela argindarraren hornidurara, eta ustezko trafikatzailea argindarragaz iruzur egiteagatik ere ikertuko dute.

Arrastatuak 29 urte dauzka, eta polizia-egoitzara eroan zuten beharrezko izapideak egiteko. Behin amaitu ostean, aske utzi zuten eta deitzen diotenean epailearen aurrera agertu beharko du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun