Udako jaiak 2018

Plentziak izango du zer ospatu domekan eta martitzenean

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 27a, 12:00

Beste auzoetako festetan egiten duten legez, San Inazio egunean ere dantzatuko dute Itxas Eder taldekoek.

Uztailaren 29an, jai-eguna Saratxaga auzoan egingo dute. Egun bi beranduago, berriz, San Inazio Eguna ospatuko dute plentziarrek, eliza aurreko plazan. Batean zein bestean, ez da ondo pasatzeko aukerarik faltako.

Uztailari agur esan aurretik, jai-egun biz gozatzeko egundoko aukera izango dute plentziarrek eta itsas hiribildura hurreratzen direnek. Batetik, uztailaren 29an, domekan, Saratxaga auzoan izango dira ospakizunak. Hala, egun horretan, 12:30ean, meza egongo da; baina, elizaren barruan beharrean, kanpoan egingo dute. Erlijio-zeremonia amaitu ostean, eta eguraldiak laguntzen badu, noski, jai-ekitaldiak abiaraziko dituzte, berbarako aurreskua dantzatuko dute, 13:30ean. Ordu erdi beranduago, berriz, herri-bazkaria egingo dute Saratxaga auzoan batutakoek. Horretarako, aurretik izena eman beharko dute oturuntzaz gozatu gura dutenek; 5 euro ordaindu beharko dituzte, Plentziako turismo-bulegoan. Udal-iturriek adierazi dutenez, "diruz lagundutako prezioa" da, eta, behin izena emanda eta ordainduz gero, "ez da dirurik bueltatuko". Egunari akabera emateko, gorputzak mugitzeko aukera izango dute plentziarrek zein kanpotarrek dantzaldian, 16:00etatik aurrera.

San Inazio Eguna, eliza inguruan

Uztailaren 31n, domekan, San Inazio eguna ospatuko dute Plentziako Santa Maria Magdalena eliza aurreko plazan. Txupinazoa 11:00etan izango da, plentziar denak jardunaldia jai-eguna dela jabe daitezen. Ordubete beranduago, 12:00etan, euskal dantzen erakustaldia egingo du bertoko Itxas Eder taldeak. Agerraldiaz gozatu ostean, 13:00etan, meza entzuteko aukera izango dute gura duten denek; eta zeremonia erlijioso horregaz amaituko da San Inazio Eguneko goizeko egitaraua. Hala ere, arrastiko ekitaldiak ere iragarri ditu egitarauak: 18:00etan, etxeko txikiei begirako jolasak izango dira; eta 20:30ean, disko-festan dantzatzeko batu ahal izango dira nagusiagoak eta umeak. Jai-eguna amaitzeko, zezensuzkoa egongo da Azutegiondon.

Egitarauak:

Uztailak 29, domeka

Saratxaga auzoa

  • 12:30    Meza, aurreskua eta bazkaria.
  • 16:00    Dantzaldia.

Uztailak 31, martitzena     

San Inazio Eguna

  • 11:00    Txupinazoa, dantzak eta meza.
  • 18:00    Umeen jolasak, disko-festa eta zezensuzkoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun