Alex Arana (Mikrofilm Short Festival): "Edonork sor dezake film labur bat, eta modu errazean"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko uzt. 25a, 12:00

Besteak beste, elizaren horman proiektatuko dituzte irudiak. © MIKROFILM SHORT FESTIVAL

Mikrofilm Short Festival jaialdia uztailaren 27an eta 28an izango da, Plentziako eliza aurreko plazan. Berbaldiak, ikuskizunak, irudien proiekzioa eta kontzertuak egongo dira, film laburren lehiaketaz gainera.

Alex Aranaren omenez antolatzen duten zinema-lehiaketaren gainekoak kontatu dizkigu haren lagun izandako Gotzon Aurrekoetxeak. Bi egunez elkartuko dira hiribilduko eliza aurreko plazan genero beltzeko zinemazaleak. Helburua, "bestelako gau batez" gozatzea.

Zelan otu zitzaizuen Mikrofilm Short Festival martxan ipintzea?

Gure laguna zen Alex Arana Etxebarria motor-istripuan hil zen, 2011ko ekainean; musika eta zinema gustuko zituen berak. Hori dela eta, Alexi omenaldia egiteko asmoz, bere herrian, artearen genero horiek biak batuko zituen jaialdia egitea bururatu zitzaigun. Urtebetez antolaketa-lanetan jardun ostean, jaialdiaren lehenengo edizioa burutzea lortu genuen, zenbait profesionalen eta lagunen laguntzari esker.  

Zergatik ipini zenuten arreta berezia genero beltzean?

Literaturan eta zineman oinarritzen da genero beltzarekiko gure  interesa. Traidore, iruzurgile, politikari, detektibe zein bestelako gizagaixo bat norbaitek zelan hil dezakeen edo horietako  batek hilketa bat zelan egin dezakeen azaltzen du genero beltzak; beti ere horrekiko gure interesa alde entretenigarrian datza, noski! Pantailan, biktimak edo borreroak izan daitezke horiek denak; eurek egindako astakeriak, ekintza zentzubakoak, hanka-sartzeak eta kontraesanak behin eta berriro konta daitezke, zorigaitzez beteriko kiribilean korapilatuz...

Zelakoa izan da jaialdiaren bilakaera urte hauetan denetan?

Lehenengo urtean, ezusteko ederra hartu genuen, arrakasta itzela izan zuelako jaialdiak. Harrezkero, taldean lan egiten ikasi dugu apurka-apurka, urtez urte hobetuz, jaialdia ekoizteko eta egitaraua osatzeko moduak erabat finkatuz. Izan ere, film laburren txapelketa Mikrofilm Short Festival ekimenaren oinarria baino ez da; horrez gainera, berbaldiak, ikuskizunak (antzerkia, batzuetan), irudien proiekzioa elizan, umorezko bakarrizketak eta zuzeneko kontzertuak ere egoten direlako beti.

Nazioarte-mailako lan asko jasotzen dituzue?

Lehenengo urtean jada argi geneukan: nazioarte-mailako film laburrak proiektatu gura genituen. Gaur egun, film laburren alorrean dagoen kultur eredu eta estetika ezberdinen askotarikotasuna erakutsi gura dugu. Munduko edozein lekutatik film laburrak jaso ahal izateko, hainbat plataforma digital erabiltzen ditugu; horien bidez izena eman eta parte har dezakete zinemagileek. Dena dela, pelikulek ere jaialdiaren ezaugarri nagusiak izan behar dituzte: intriga-zinema, thrillerra edo guk noir generoaren adartzat jotzen dugun estiloagaz bat etortzea, alegia.

Jasotzen dituzuen hainbeste filmen artean, zein irizpideren arabera aukeratzen dituzue lehiatuko direnak?

Gizartea izugarri aldatu da XXI. mendean; informazioren eta ikus-entzunezko tresnen eskuragarritasuna demokratizatu egin da. Gaur egun, edonork ekoitz eta erakuts ditzake bere sorkuntza-lanak, edonork, guztiok; modu erraz batean, gainera. Horien kostua ere asko merkatu da. Horiek denak direla eta, gero eta jende gehiagok parte hartzen du halako jaialdietan. Galderari eutsiz, hiru irizpide ditugu: film laburraren kalitatea, formari zein edukiari dagokienez; genero beltzagaz lotutakoa izatea; eta drama, komedia edo ikara jorratzea. Mikrofilm jaialdiko ikusleak askotarikoak dira, baina horiek denak gustuko dituzte.

Zertan datza iaz lehenengoz egindako MikroExpress atalak?

Reflex kamera digitalen aurrerakuntzek ikus-entzunezko produkzioen maratoiak egitea ahalbidetu dute; ikusleen, zuzendarien, aktoreen eta gidoigileen arteko elkarreragina bermatzen dute. Jolasteko eta zinema egiteko beharrezko teknologia duten horien sormena probatzeko sortu zen Mikroexpress. Ez zen partaide askorik egon; baina, ikusleak jolasean aritzea lortu zuen.

Egitaraua:

Uztailak 27, barikua

  • 21:00 Txalaparta, Kimu taldeagaz.
  • 21:45 Kontzertua, 1923, Un Drama en Bilbao, taldearena.
  • 22:30 Film laburren proiekzioa 1.
  • 00:00 Mikroshow: "El acomodador".
  • 00:30 Irudien proiekzioa elizaren horman, Mario Jiménezegaz.
  • 01:00 Kontzertua, Rafa Ruedarena.

Uztailak 28, zapatua

  • 20:00 Kontzertua, Bilbao Lindy Band Collective taldearena.
  • 22:20 Kronika Beltza.
  • 22:30 Film laburren proiekzioa 2.
  • 00:00 Mikroexpress.
  • 00:30 Sari-banaketa.
  • 01:00 Irudien proiekzioa elizaren horman, Mario Jiménezegaz.
  • 01:20 Musika, DJ batena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun