Udako jaiak 2018

Jazz-doinuek beteko dute Plentzia barikuan eta zapatuan

Iker Rincon Moreno 2018ko abu. 14a, 10:37

Noa Lur abeslaria. © CARMEN HACHE - NOA LUR

Joan den urtean sortu zuten jazz-­mu­si­ka­ren jaialdia lehenengoz Plentzian, Udalak antolatutako Plentzia Kulturaz ekimenaren barruan. Iazko esperientziaren ostean, aurten Agorrijazz berriro antolatzea erabaki dute. Aste-akabu honetan emakumeak izango dira protagonista.

Jazza, bluesa, gospela eta bestelako doinuak entzun ahal izango dira Ontziola plazan, abuztuaren 17an eta 18an, barikuan eta zapatuan, arrasti-gau partean. Barikuan, Durangoko Ekuru taldeak eta Goizargi Gospel Choir abesbatzak joko dute. Zapatuan, ostera, Noa Lur bilbotarraren eta Extremadurako Susan Santosen txanda izango da.

Goizargi Gospel Choir abesbatza aitzindaria da gospel-arloan, Euskal Herrian. Ekuru seikote durangarrak, berriz, poesia eta jazza harilkatu ditu bere azkenengo lanean, "Blue Belus" disko berrian. Ez dira nobedadeak aurkeztuko dituzten bakarrak izango: Noa Lurrek ere "Troublemaker" bigarren lana sortu du orain gutxi, eta Plentziako oholtzan ezagutaraziko du. "Badakit" lehenengo diskoari esker finalista sailkatu zen Estoniako Nomme Jazz Nazioarteko Festibalean, "Moody’s Mood For Love" kantaz egin zuen egokitzapena iTunes plataformako jazz-kanta salduena izateaz gainera.

Bestalde, Susan Santosek jakinarazi duenez, asteotan estudio-lanean jardun ondoren, bosgarren diskoa grabatzen amaitu du. Laster postprodukzioa egingo dute Los Angelesen, Kalifornian. Santosek bluesa eta rocka jorratzen ditu gehienbat, baina beste estilo batzuen zertzeladak ere badarabiltza, berbarako soul, country-, jazz- edo pop-doinuenak. Ezkerreko gitarra eta ahotsa baliatuta, hamar urte daroatza sortzen eta oholtzaz oholtza; Espainiako emakume blues-jolerik onena ei da.

Egitaraua

Abuztuak 17, barikua

  • 20:00    Ekuru taldea, Ontziola plazan.
  • 22:00    Goizargi Gospel Choir abesbatza, Ontziola plazan.
  • 24:00    Jam Session, Bahía de Plentzia hotelean.

Abuztuak 18, zapatua

  • 20:00    Noa Lur, Ontziola plazan.
  • 22:00    Susan Santos, Ontziola plazan.
  • 24:00    Jam Session, Bahía de Plentzia hotelean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun