Antolatzaileek azaldu dutenez, elkartasun, kirol eta jolas jardunaldia izango da; "aukera egokia izan daiteke muga fisikoak dituzten pertsonentzat: haiei laguntzeko, animatzeko eta ikustarazteko gai direla nahi duten guztia lortzeko".
Kirol-jardunaldi horren helburua da SUParen onura zabaltzea terapia-sendabide eraberrigarri gisa; psikologia eta yoga mugimendu psikomotorra minduta duten pertsona ezgaituentzat.
Giza inklusio handiko proiektua da. Herri ibilbidea egingo da Plentziako itsasadarrean zehar, Paddle SUPean. Gainera, hainbat proba egingo dituzte, baita yoga ariketak eta SUP egokitua ere.
Hainbat lan-talde boluntariori esker egingo dira antolakuntza-lanak, eta diru-laguntzak jasoko dira lasterketa-inskripzio, kamiseta-salmenta, kolaboratzaile eta babesleengandik.
Jardunaldi horretan parte hartu gura duenak aldez aurretik izena eman beharko du, 20 euroren truke. Irabazitako diru dena material egokitua lortzeko erabiliko da, era horretan, mugikortasun urriko pertsonei lagunduko diete kirol hori egiten.
Aurten ONCE erakundea egongo da, Kirol Egokituaren Federazioa eta mugikortasun urriko beste kirolari batzuk SUP Egokituaren II. Lasterketan parte hartuko dutenak.
Hobera egin zuen istorio bat
Horren denaren ideia Aketza Sánchezena da, proiektuaren sortzailea. 2012ko otsaileko egun batean, surf-eskolak ematen zebilela, taulatik buruz behera salto egin eta zerbikalak apurtu zituen. Ospitalean, tetraplegia diagnostikatu eta berriro ezin izango zuela ibili esan zioten.
Dena dela, berak ez zuen gurpildun aulki batean geratzeko egoera inondik inora ere onartu eta aurrera jarraitzea erabaki zuen: ariketak, errehabilitazioa eta haren semeak eta emazteak, orduan haurdun zegoenak eman zioten motibazioak lagunduta.
Astiro-astiro atzamar bat mugitzen hasi zen, oin bat... hanka. Mikel Rotaetxe ezagutu zuen eta yogaren bitartez, sendatzen lagundu zion. Biok elkarregaz Goazen Up Elkartea sortu zuten.
Aketzak taula ekarri zuen, itsasoa…, elementua, irmotasuna eta bizi-eskarmentua; Mikelek, bestalde, surfa, lasaitasuna eta yoga.
Goazen Up "crowdfounding" bitartez hasi zen, hau da, proiektuan sinesten zuten lagun, familia eta pertsonen ekarpen txikiak eginez, alegia. Elkarte horretan, kirola, osasuna eta ongizatea uztartzen dira, eta horri esker, arazo fisikoak (bizkarreko minak, giharretakoak, oreka-eza…), edo gogoaren arazoak dituzten pertsonek min horiek hobetu ditzakete eta ondo pasa Paddle SUP edo Paddle SUP Yogaren bitartez.
Elkartean, Innobasquek lagunduta, medikuntza eta zientzia-ikerketa bat egiten ari dira, hainbat lesiotan SUPak duen eragina ikertze aldera.