Agintaldi honetan David Cresteloren lana ontzat ematea eta berriro ere hura alkatetzarako aurkeztea erabaki dute EH Bilduko militanteek, parte-hartzezko barne-prozesu baten ondorioz, ohar baten bidez zabaldu dutenez. EH Bilduren Barneko Hauteskunde Prozesuaren Jarraipen Batzordeak egiaztatu ostean Crestelok baldintza guztiak betetzen dituela, haren hautagaitza berretsi dute batzar batean.
"Orain arte egindako lanari segida emateko" borondatea agertu du EH Bilduk. "Plentziarako proiektua ez da legealdi honekin batera bukatuko", adierazi dute. Crestelok, bere aldetik, agintaldi honetan izandako estiloari eusteko konpromisoa agertu du, baita "hobetzeke dagoena hobetzeko ere".