Ametsa, amesgaizto bihurtuta

Jokin de Pedro 2019ko eka. 12a, 08:45

Aritza Bergara idazle sestaoarrak, mitologiaz idatziriko lanez gainera, nobelagintzan lan oparoa egin du, gizartea inarrosten duten gaiak lehenetsita. Maiatzaren 29an Plentziako Irakurzaleen Txokoan komentatu genuen eleberrian, egun puri-purian dagoen auzi bati oratu dio.

Nasha iheslari afrikarraren istorio lazgarria abiapuntu, thriller tankerako eleberria taxutu du Aritza Bergarak, mendebaleko gizartearen hipokrisiaren salakuntzatik asko duen kontakizun honetan. Iradoki lezakeen bezala, izenburuak zapuzturiko esperantzari egiten dio aipamen. Behinola europarrek "amerikar ametsaren" xerka ozeanoa zeharkatzera jotzen zuten antzera, egun Afrikatik Europara milaka migratzaile (iheslari, hobe) abiatzen dira urtero; hori bai, haiek baino beharrizan larriagoek bultzaturik eta askoz ere baldintza okerragoetan.

Eleberri honetan, hortaz, migratzaileen sorlekutik abiaturik, gizakion salerosketa, prostituzioa eta beste miseria batzuk azaltzen dira, gehienak gure herri maite honetan kokatuak. Lehen kapitulutik konturatzen gara kontakizun latz baten aurrean gaudela: Kongoko herrixka batean sarraski ikaragarri bat gertatzen da, non bizirik irtetea lortu duen neskatxa bat, Nasha, ihesean abiatzen den noraezean. Ama galdu du, familia guztia bezala, eta bakar-bakarrik bizirauteko oinazezko ibilaldi luzea egin beharko du, gorputza saltzera beharturik Europara ihes egin ahal izateko dirua eskuratzearren. Nasha izango da gorabehera askoren ondoren, Bizkaiko kostaldera iritsiko diren migratzaileetako bat. Gure lurrean, baina, ez dira amaituko haren oinazeak: hemen ere mafiak daude, eta esplotazioak jarraitu egiten du. Itxaropenerako zirrikiturik ez dago, eta horrek goibeltasun handia ematen dio migratzaileen istorioari, hain beltza ez den ikerketaren hariak sortzen dituen jakin-minak eta tentsioak ezin arindu dezaketena.

Albo-gaiak ere badira, bereziki Euskal Herriaren desindustrializazioa eta droga-trafikoa, eta horiek genero beltzaren ukitua ematen diote testuari. Ondorioz, gaurkotasunezkoa bezain gordina dugu Amets itoak. Bada, baina, generoari dagokion idazlearen parte-hartze bat, hau da, aldizka gaiaren inguruan lehen pertsonan egiten dituen iruzkinak, migratzaileen egoera eta beraiekiko jokabide bidegabeak salatuz, sarritan iritzi-testu edota kronika bati gehiago dagozkionak; horrek, noski, ez dio literaturtasunari mesederik egiten.

Pertsonaiei dagokienez, ohikoa izaten den bikote bat, oraingoan Martin eta Laia, jarri du idazleak ikerketari ekiteko lanetan; gainerako pertsonaiak muturreko samarrak dira: oso gizagaixoak eta dohakabeak (Nasha bezala) edo oso-oso gaiztoak, Rafael eta Melguizo legez.

Bestalde, pasarte batzuetan igarri egiten da Bergararen testu originala ez dela euskaraz idatzia, nahiz eta itzulpena txukuna dela ezin den ukatu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun