Barikuan, Rezikletas taldeak perkusio-kontzertu ibiltaria eskainiko du birziklatutako eta berrerabilitako materiala erabilita, 18:00etatik aurrera. Ondoren, Aritza Castro Quartet Bizkaiko jazz-eszenan indarra hartzen dabilen taldeak Ontziola plazako agertokia hartuko du 20:00etan bertaratutako denen gozamenerako. Ondoren, Xabi Aburruzagak hartuko dio lekukoa, 22:00etatik aurrera. Trikitiagaz lagunduta, folk- eta jazz-doinuak nahastuko ditu Aburruzagak.
Hurrengo egunean, zapatuan, Bilboko Mississipi Queen & The Wet Dogs soul-boskoteak emango dio hasiera egunari, Ontziola plazan, 20:00etatik aurrera. Talde horrek indarra eta bizitasuna taularatzen ditu zuzenekoetan; disfrutatzea eta disfrutaraztea da euren helburua ematen dituzten kontzertu guztietan. Ondoren, Aupa Quartet laukoteak emango dio amaiera 2019ko AgorriJazz jaialdiari, 22:00etan hasita. Laukote horrek musika modernoan oinarritzen du bere jarduna, betiere inprobisazioari leku handia eginez.