Udako jaiak 2019

Plentziako jaien segidak ez du etenik: bihartik aurrera, karmenak

Erredakzioa 2019ko uzt. 12a, 10:42

Uztailaren 13tik 23ra bitartean, plentziarrek zortzi festa-egun izango dituzte gozatzeko, karmenetan eta madalenetan launa. Askotariko hainbat ekitaldi antolatu dituzte bertakoak zein kanpotarrak murgil daitezen.

Jai eta jai artean, uztailean atsedenerako tarte gutxi hartzen dute Plentzian. Iaz sei egun eskaini zizkioten Karmen eta Madalenei. Hori nahikoa ez nonbait, eta aurten badaezpada egun bana erantsiko diote bakoitzari, nahiz eta ez preseski ekitaldiz gainezka, dena esatera.

Karmenak ailegatuko dira lehenengo, eta uztailaren 13tik 16ra, hau da, Karmengo Amabirjinaren egunera bertara bitartean iraungo dute jaiek. Itsasoari lotutako jaia izanda, aipatzekoak dira lehenengo egunean egingo diren marmitako-txapelketa alde batetik, eta heriotzarik gabeko korrokoi-arrantzarena.   bestetik. Domekan ere agerian geratuko da Plentziak itsasoagaz duen harreman estua: batel-estropada egingo dute Kanalean eta, indarra berreskuratzeko, sardina-jana ondoren. Kantuan jarriko dira gero, Plentzia Kantaguneagaz.

Karmen egunean tradiziozko meza eta itsas prozesioa egingo dituzte, ohorezko aurreskua baino lehen. Ohituraz, mota horretako ekitaldiak eguerdiz izaten badira ere, Plentzian gurago izaten dute birjina arrastiz ateratzea paseoan. Horren ostean, zezensuzkoak emango dio amaiera jaiari.

Plentziako karmenen egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun