Udako jaiak 2019

Madalentxu eta Antolintxu hiribildura bueltatuko dira laster!

Iker Rincon Moreno 2019ko abu. 23a, 10:43

Abuztuaren 29an hasiko dira sanantolinak, Madalentxuri eta Antolintxuri ondo-etorria eginez. Ostera, aurreko zapatuan ere festa egingo dute; orduan aurkeztuko dituzte herri-bozketaz aukeratutako plentziarrak.

Plentziako udako azkeneko jaiak helduko dira Antolin Deunako ospakizunakaz. Abuztuaren 29tik irailaren 2ra bitartean, hiribildukoak alkandora urdinez jantziko dira Antolintxu eta Madalentxuri ondo-etorria emateko, eta eurakaz batera, inguruak alaitzeko. Tarte horretan, Plentziako eta inguruetako bisitariek hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute: bazkariak, kontzertuak, dantzaldiak, txapelketa gastronomikoak, jolasak, kirol-lehiaketak, kantaldiak eta mozorro-lehiaketak, besteak beste. Hala ere, jaien lehenengo egunaren aurreko zapatuan, abuztuaren 24an, sanantolinetako pertsonaia nagusien papera nork beteko duen aurkeztuko dute. Madalentxuren eta Antolintxuren omenezko egun horretan, tradizioak agintzen duen legez, aurreko urteetako festa-pertsonaiak izandakoak batuko dira, eta aurtengoak, nagusiak eta txikiak, aurkeztuko dituzte. Ondoren, hurrengo eguenetik aurrera, sei eguneko festez gozatzeko aukera egongo da.

Ohitura handiko jarduerak ere mantenduko dituzte, zelan ez, aurten ere. Berbarako, egunero aterako dute zezensuzkoa udalerriko erdigunera, neska-mutilen gozamenerako. Erromeria Zuria ere egingo dute, eguenean, abuztuaren 29an. Hurrengo zapatuan, abuztuaren 31n, marmitakorik onena nork prestatzen duen norgehiagoka egingo dute; hala, sukalde inprobisatuez beteko da egun horretan hiribildu osoa. Irailaren 1ean, gainera, tradizio handiko eskualdeko nekazari eta abeltzainen azoka egingo dute, 09:00etatik aurrera. Azoka horrek 127. edizioa beteko du aurten, eta horren ostean, euskal jantzien erakustaldia egingo dute, 12:00etan. Arrastian bertsolarien txanda izango da; aurten bosgarren aldiz egingo dute San Antolin bertso-jaialdia. Urtemuga hori ospatzeko, honako bertsolariak gonbidatu dituzte Ontziola plazan kantatzera: Jone Uria, Alaia Martin, Andoni Egaña eta Eneko Lazkoz. Irailaren 2an, berriz, ospe handia hartzen ari den Antolin Deunako koktel-lehiaketa egingo dute eta irailaren 3an, jaien azken egunean, Antolintxuri eta Madalentxuri agur esango diete, kalejira baten ondoren.

Plentziako San Antolin jaien egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun