Beste behin, Plentziako elizako plazan hitzordua izango dute zinemazaleek uztail amaieran. Hamazazpi film laburrek parte hartuko dute Alex Aranaren omenez antolatzen den Mikrofilm nazioarteko lehiaketan; ohi denez, pantaila kanpoko aldera aterako dute, plazan bildutakoek emanaldiez goza dezaten. Filmez gain, kontzertuak eta erakusketak ere egongo dira.
Lehiaketari dagokionez, bederatzi film eskainiko dituzte barikuan (uztailak 26) eta zortzi zapatuan, beti ere suspensea eta genero beltza ardatz. Egileak hainbat herrialdetakoak dira, baina Espainiako Estatukoak dira gehienak. Euskal Herriak ere izango du ordezkaritza: Tamara Lucariniren No es coma emango dute lehenengo egunean, eta Norma Vilaren El fin de todas las cosas bigarrenean.
Ohiko lehiaketaz aparte, jaialdiak Mikroexpress ekimena antolatuko du hirugarrenez. Zapatuan, goizeko 10:00etan elkartuko dira parte-hartzaileak, Goñi Portalen; gaia proposatuko zaie, eta 19:00etan aurkeztu beharko dute minutu biko film bat, gauerdi aldean proiektatuko dutena. Ondoren sari-banaketa izango da. Gehienez zortzi taldek eman ahal izango dute izena, uztailaren 19ra bitartean.
Filmez gainera, pelikulen karteletan zentsurak egindako aldaketei buruzko erakusketa izango da ikusbide aurtengo Mikrofilmen. Jaialdiaren egitarau osoa mikrofilmfestival.com webgunean kontsulta daiteke.