Euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina abiatu du Plentziako Udalak

Erredakzioa 2019ko abu. 27a, 11:08
Irudietako bat. © PLENTZIAKO UDALA

"Plentzian egunero euskaraz" izeneko kanpainari hasiera emateko, tamaina handiko zazpi kartel koloretsu jarriko dira Ontziola plazako musika kioskoan. Ilustrazio bakoitzak herriko hainbat lekutako eguneroko egoerak islatzen ditu.

Euskararen erabilera bultzatu eta horren presentzia herritarren eguneroko bizitzan sustatzeko kanpaina abiatu du Plentziako Udalak. Horretarako, eta abiapuntu gisa, Ontziola plazako musika kioskoaren eskudelean zazpi panel jarriko dituzte. Kanpainaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat da auzoak eta herriko hainbat leku direla protagonista.

Hastear dauden San Antolin jaietan aurkeztuko dute ekimen hori; izan ere, ahalik eta jende gehien irudiok ikustea da helburuetako bat.

Metro geltokia, Gatzamiñe, Txipio, Saratxaga, Isuskitza, portua, itsasadarra, hondartza, Ontziola plaza, Erribera, Alde Zaharra, Gandias, Junkera eta Legarrondo dira irudion agertokiak. Horietan, guneotako eguneroko egoerak agertzen dira. Ilustrazio horien helburua da, baita ere, hainbat balio positibo sustatzea, hala nola iraunkortasuna, berdintasuna, aniztasuna, bizikidetza, kirola, herriko merkataritza edo herriko kultur ondarearen babesa.

Herriko enpresa batek (La oveja creativa) diseinatu ditu panelak, haur eta nagusien interesa erakartzeko irudi koloretsu eta pertsonaia dibertigarrien bitartez.

Ekimen horrek ere udalerriko ostalari eta merkatarien konplizitatea bilatzen du; hori dela eta, kartel batzuk argitaratu dira sektore horietako profesionalek euren lokaletan jar ditzaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun