HIRUKAk bildutako informazioaren arabera, erasoa domeka goizaldean jazo zen, Plentziako jaietan. Emakume bik laguntza eskatu zioten biktimari, hainbat gizon segika zituztela eta jazartzen ari zitzaizkiela argudiatuta. Antza denez, biktimak jazarleei aurre egin eta emakumeak bakean uzteko eskatu zien. Hasierako gizon biei beste lau batu zitzaizkien eta denen artean eraso egin zioten.
Zauritua Urdulizko Ospitalera eraman zuten; hainbat saihets hautsita ditu eta zauria masailean. Erietxetik irten ondoren, atzo iluntzean aurkeztu zuen salaketa ertzain-etxean.
Polizia-iturriek HIRUKAri baieztatu diotenez, Ertzaintzak eta Plentziako Udaltzaingoak ikerketa abiatu dute erasoa argitzeko.
Zauritutako gizonak Plentziako futbol-taldearen txosnan lanean ibili ostean jaso zuen erasoa. Izan ere, beraren semea klub horretako gazte-mailako jokalaria da, eta aita bera ere beteranoen taldean dabil. Bai Plentzia SD-k bai Ontziola plazan dauden gainerako txosnek elkarretaratzera deitu dute sare sozialen bidez, gaur arrastiko 19:00etan udaletxearen aurrean.