Maiatzetik herrian pediatrarik ez dagoela salatu du Plentziako EH Bilduk

Unai Brea 2019ko ira. 9a, 19:10

Plentziako EH Bilduk iragarri du Eusko Legebiltzarrean galdera egingo diola Jaurlaritzaren Osasun Sailari, herriko osasun-etxean maiatzetik pediatrarik ez egoteaz. Hain zuzen ere, alkatetzan zegoela hasi zen EH Bildu Osakidetzari kontuak eskatzen, guraso batzuek Udalera bidalitako kexa zela eta. 

Koalizioko iturriek jakinarazi dutenez, maiatzaren 23an jaso zuten Udalean (artean David Crestelo alkatea zela) hainbat gurasoren idazki bat, pediatra-faltagatik protestatuz (familia-medikuak arduratzen dira umeak artatzeaz). EH Bilduren esanetan, maiatzaren 24an alkateak Osakidetzako eskualdeko ESIren zuzendariari, Mari Luz Marquezi, bidali zion gurasoengandik jasotako eskutitza. Handik hilabete ingurura, ekainaren 17an, Marquezek erantzun zuen Osakidetza eta Jaurlaritza arazoa konpontzeko baliabideak ipintzen zebiltzala.    

Uztailaren 10ean, EH Bilduk, ordurako oposizioan, Elixabete Uribarri alkateari eskatu zion Udalak Osakidetzari galde ziezaiola egoera bideratzeko pausoez eta pediatria-zerbitzua berriro izateko aurreikusitako epeez. Abuztuaren 2an, alkateak idatzi bat bidali zien maiatzean kexatu ziren gurasoei, Osakidetzak Udalari esandakoa jakinaraziz. Hau da, arazoa konpontzeko lanean zebiltzala, ostera ere pediatra izateko data zehatzik finkatu barik.

Orain, Legebiltzarrera jotzea erabaki du Plentziako EH Bilduk, honako galdera bikoitza egiteko: Osakidetza zer egiten dabilen eta zerbitzua noiz itzuliko den.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun