Alfonso Etxegarai deportatu plentziarra Euskal Herrira itzuli da

Iker Rincon Moreno 2019ko ira. 30a, 12:46

Alfonso Etxegarai, artxiboko irudian. © ADABAKI

Alfonso Etxegarai plentziarrak deportazioa utzi du 33 urtez Sao Tome irlan deserrian egon ondoren, Alfon Etxera herri ekimenak zapatuan jakinarazi zuenez. Deportazioaren amaieraren nondik norakoak aurkezteko Caminho Longe film dokumentala egingo du Bilboko Adabaki ekoiztetxeak (Sagarraren Denbora, 2010).

Alfonso Etxegarai ETAko kide ohiak 1978an utzi behar izan zuen Plentzia, bere bizitokia zena, eta Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes. Zazpi urte beranduago, 1985eko uztailean, aldiz, Frantziako gobernuak Quitora (Ekuador) deportatu zuen; han Espainiako poliziak hura bahitu eta torturatu ondoren, Ekuadorreko poliziak Sao Tome eta Principera deportatu zuen. 1986ko abuztuaren 14tik hor bizi behar izan du duela aste bira arte, 33 urteko deportazioa amaitu ostean.

Plentziako auzokidea zenaren deportazioaren amaieraren berri eman zuen zapatuan Alfon Etxera herri ekimenak. Saio horretan, gerturatutakoei eta, orokorrean, herriari egindako lan denagatik eskerrak eman zieten, baita Etxegarairen esker-mezu bat irakurri ere.

Deportazioaren amaierari irudiak jartzen

Josu Martinez eta Txaber Larreategi zinemagileek zuzendutako Sagarren denbora izeneko film dokumentala argitaratu zuten 2010ean. Horretan, Alfonso Etxegarairen eta bere bikotekidea den Kristiane Etxaluz xiberotarraren arteko bizitza aurkeztu zuten, biak bata bestearen artean 7.000 kilometrotara bizitzera kondenatuta zeudela. Orain, behin deportazioa amaituta, plentziarraren herriratzea irudikatzeko bigarren partea zuzenduko dute Martinezek eta Larreategik, Caminho Longe izenekoa. Lan hori argitaratzeko crowfunding-a abiatu du Bilboko Adabaki Ekoizpenak ekoiztetxeak Verkami plataforman.

CAMINHO LONGE / TEASER EUS from adabaki ekoizpenak on Vimeo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun