Plentziako itsasadarreko amarralekuak berrantolatuko dituzte

Iker Rincon Moreno 2019ko urr. 22a, 09:10

Laster abiatuko dituzte Plentziako itsasadarraren berrantolatze lanak; proiektuan aurreikusita dagoenez, denera ontziak amarratzeko 390 gune izango ditu ibaiak, gaur egun daudenak baino 225 gehiago. Horixe izan da azken urteotako erabiltzaileen eskakizunetako bat.

Atzo, astelehenean, Aitor Etxebarria Atutxa Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak eta Edurne Egaña EKP Euskadiko Kirol Portuak erakundeko zuzendariak jakinarazitakoaren arabera, itsasadarraren berrantolatze proiektua "datozen hilabeteetan" abiatuko da. Alde batetik, itsasadarraren bi gunetan pantalanak instalatuko dituzte, sakonera naturalak horrelako instalaziorako aukera ematen duen lekuetan. Hala, denera, 182 amarraleku berri eratuko dira, 5 eta 11 metro inguruko luzera duten ontzientzat. Obra horien kostua 1.801.512,27 eurokoa izango da. Beste alde batetik, portuaren barruan dauden leku denak egokituko dituzte baita ere, 165 leku izatetik 208 izatera pasatzeko. Gasolindegi-zerbitzua ere emango zaie horiei. Jarduketa bi horien zenbatekoa 1.300.000 euro ingurukoa izango dela aurreikusten da.

Proiektua 2020ko udaberrirako amaituta egotea aurreikusi dute arduradunek. Horretarako, lanon lizitazioa "datozen egunetan" egingo da. Atzo Plentziako udaletxean egindako aurkezpenean, arduradunek azaldu zuten itsasontzien amarratzeen berrantolatzea "behar-beharrezkoa" dela nabigazio- eta itsasadarrean ainguratutako ontzien irisgarritasun-arazoei aurre egiteko.

Hiru amarraleku gune horiek operatibo daudenean, sortzen diren 390 plazak emakidan banatuko dira, Aisialdiko ontzietarako amarralekuen Aginduan ezarritako prozedurari jarraituz.

Atzo aurkeztutako proiektua gauzatu eta plazak esleitu ondoren, ez da ainguraketa pribaturik baimenduko Plentziako itsasadarrean zehar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun