Plentziako ekonomia garatzeko eta bertako enplegua sustatzeko programa abian jartzeko asmoz, Udalak herritarren iritziak bildu gura ditu, "plentziarrek eurek eurentzat diseinatutako hainbat ekintza garatzeko", arduradunek azaldu dutenez. Horretarako, BOGA! programa jarri dute martxan, "herritarren ideia eta kezkak entzun eta ulertzea funtsezkoa da, lagungarri izango baitira Plentziaren garapen ekonomikorako eta enplegurako konponbideak sortu eta definitzeko".
Nola funtzionatzen du BOGA! proiektuak?
Hainbat pertsonako lantalde bi sortuko dira (herritarrak, bertako merkatariak, elkarteak…). Horiek elkarlanean arituko dira hainbat hilabetez eta 5 saio egingo dituzte denera.
Saio horiek profesional batek koordinatu eta zuzenduko ditu; berak eskainiko ditu ekintza estrategikoak asmatzeko eta diseinatzeko behar diren tresnak. Proiektu berri horiek lagungarri izango dira Plentziak etorkizun itxaropentsu bat izan dezan enpresa arloan.
Proiektuan parte hartzeko interesa dutenek udal-erregistroan izena eman ahal izango dute, www.plentzia.eus webgunean bertan. Bestela, udaletxera hurbildu ahal izango dira, abenduaren 9a baino lehen.