"Aurrekontu berrien onarpen honi esker, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu ahal izango dugu, gure herria eta herritarren ongizatea hobetzen jarraituko dugu, inor atzean utzi gabe. Aurrekontu arduratsua da, orekatua eta serioa. Udal Gobernuak zorroztasunez kudeatuko ditu kontuak, gastu eta inbertsioen kontrol sakona eginez. Aurrekontu hauek Plentziaren etorkizunari begiratzen diote, udalerria haziz joan dadin", adierazi du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak. Horrez gainera, Uribarrik azpimarratu du, 3 izango direla Gobernu-taldearen lana gidatuko duten printzipioak: gastuaren arrazionalizazioa, ongizate estatuaren mantentzea eta espazio publikoaren hobetzea. “Zentzu honetan, apustu honek Areatza kalearen eraberritzea bezalako proiektuak martxan jartzea ahalbidetu digu”, gaineratu du.
EH Bilduk aurkeztutako 32 zuzenketetatik 7 onartu ditu EAJk; 32 emendakinek 567.376 euroko balioa zuten eta Gobernu-taldeak bere osotasunean onartutako 7 zuzenketak 240.622 eurotaraino iristen dira, iturriek zehaztu dutenez. Koalizio abertzalearen arabera, emendakin horiek Gobernu-taldeak "aurrera eraman gura dituen murrizketei aurre egitea izan da". Horien arabera, murrizketa horiek hiru arlotan emango da gehien: kulturan, kirolean eta berdintasunean. Kultur arloan, berbarako, murrizketak diru-laguntza zuzenetan emango dira salatu dute, hala nola Plentzia Telebistan eta Mikrofilm Festibalean. Bestetik, kirol instalazioetan dirurik ez inbertitzea planteatzen dela deitoratu du EH Bilduk, "guztiz beharrezkoa denean". Azaldu dutenez, EAJren planteamendua obra handi bat egitera zuzenduta daude (Areatza kalea), "eta horrek errekurtso asko jaten ditu". Horren aurrean, koalizio abertzaleak adierazi du obra egitea "beharrezkoa" dela, baina beste modu batzuk daudela uste du.
638.846 euro bideratuko dira inbertsioetara, %12,20 gehiago
Inbertsioei dagokienez, 2020ko udal kontuek %12,20ko gehikuntza aurreikusten dute, 638.846 eurotara iritsiz. Zenbateko horren zati handi bat, Plentzia zeharkatu eta Gorlizeraino iristen den Areatza kalea hobetzeko lanak abiaraztera bideratuko dira. Beharrezko obra bat da hori udal-arduradunen arabera. Bide horren segurtasuna hobetzeko helburuagaz, ibilbide hori egokitzeko eta konpontzeko lanek 604.000 euroko aurrekontua izango dute. Errepideko bide-zorua hobetzeaz gainera, espaloiak konponduko dituzte, argiteria publikoa berriztatuko dute eta saneamendu sarean hobekuntzak egingo dituzte. Jarduera horrek Gorlizko Udalagaz elkarlanean egingo da. Plentziako Udala inbertsioen %72az arduratuko da eta Gorlizkoa beste %28az. Ekintza horrek, proiektuaren idazketaz eta lanen zuzendaritzaz arduratu den Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren lankidetza ere badu.
Datorren urteko kontuek jasotzen dituzten beste ekimen garrantzitsuenetariko bat erdigunea eta metro‐geltokia auzoakaz lotuko dituen garraio zerbitzu publiko berri bat martxan jartzea da.
Tokiko ekonomiaren sustapena aurrekontu berriaren beste ardatz estrategikoetako bat izango da. Turismoa, saltoki txikiak bultzatzea edo Behargintzagaz elkarlanean enplegu programak abiaraztea oinarrizkoak izango dira. Apustu horren bitartez, Udalak 276.573 euroko inbertsioa egingo du.
"Areatza kaleko berrikuntza integrala bezalako proiektu garrantzitsu bat egitea baldintzatzailea izan arren, Gobernu-taldeak Gizarte Zerbitzuetako partida garrantzitsuak mantentzeko ahalegin handia egin du", azaldu du Udala; "are gehiago, 80 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan ke‐detektagailuak ipintzeko proiektu indartsu bat abiaraztea aurreikusten da, kolektibo honen segurtasuna gehiago bermatzeko xedez".
Era berean, udalerriko elkarteei emandako diru-laguntzen zenbatekoa mantentzeko ahalegina egin dutela azaldu du Gobernu-taldeak, "ulertuz, beste behin, egiten duten lana Plentziarako ezinbestekoa dela". Hala, 63.500 euro zuzenduko dira kirol taldeentzako, 56.300 euro kultur taldeentzako, 34.700 euro kirol ekintzak burutzeko, 24.600 Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako eta 102.367 euro jarduera soziokulturaletarako. Aurreko urteetako jarduera kultural handi guztiak mantentzeaz gain, ume eta pertsona nagusiei zuzendutako ekintzak gehituko direla iragarri dute udal-arduradunek. Baliabide materialen eta eskaintza kulturalaren optimizazioa egungo Gobernu-taldearen beste lan‐ildoetariko bat izango da. Hala, udal liburutegia, haurrei eta nerabeei zuzendutako liburuez osatuko da.
San Antolin jaietan gauez etxera bueltatzeko laguntza zerbitzua mantenduko du baita. "Gogorarazi behar da neurri hau etxera itzultzeko orduan seguru sentitzen ez diren 13 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dagoela eta edozein genero eta adinetara zabalik dagoela, baina bereziki emakumeei lagundu nahi zaiela indarkeria sexisten aurrean", adierazi dute arduradunek.