Kaleko erabilera askearen alde gabon-kantak abestera deitu dute Plentzian

Iker Rincon Moreno 2019ko abe. 20a, 08:54
Plentziako alde zaharra, artxiboko irudian.

Kalean kantatzeagatik Plentziako Udalak musika-eskola bateko ume-talde bati "tasa" bat kobratu gura diola salatu dute hainbat auzokidek. Azaldu dutenez, Udalak zerga hori ezarri gura die "eremu publikokoa den lurzorua okupatuko dutelako". Horren aurrean, protestaldia egingo dute gaur, barikuan, Eliz plazan, 19:30etik aurrera.

Sare sozialetan eztabaida piztu da, kalean kantatzeagatik tasa bat ordaindu behar ei delako Plentzian. Abenduaren 16an auzokide batek zabaldutako ohar baten bitartez jakinarazi zuen udalerriko musika-eskola bateko 12 neska-mutil kalera irten gura zutela, gitarra batez lagunduta, gabon-kantak abestera. Hala ere, horren berri Udalari eman ziotenean, horrek zerga bat eskatu zion taldeari, eremu publikokoa den lurzorua okupatuko dutelako. Horren denaren aurrean, musika-eskola horretako gurasoek protestaldia deitu dute gaurko, barikurako, "Tasarik gabeko kultura baten alde" lemaren pean. Elkarretaratzea 19:30ean izango da, Eliz plazan; horretara gerturatzeko deia egin diete auzokide denei, baita bertan gabon-kantak abestera ere.

HIRUKA Plentziako Gobernu-taldeagaz (EAJ) harremanetan jarri da egoera horren denaren inguruan berba egiteko; hala ere, oraindino ez du inolako erantzunik jaso. Horren ordez, EAJk egoera hori "argitzeko" ohar bat publikatu du; horretan, jeltzaleek azaltzen dute ez dutela "inolako zergarik" eskatuko kalera kantatzera ateratzeagatik, "baizik eta gaur egun indarrean dagoen ordenantza bat betearaztea da helburua, eta horrek dio tasa bat ordaindu beharra dagoela eremu publikokoa den lurzorua okupatzeagatik". Era berean, azpimarratu gura izan dute eskatzailea ez dela "espontaneoki kalera irtengo den talde bat", baizik eta Eliz plaza hainbat orduz "erabilera intentsiborako eta esklusiborako" erabili gura duen akademia pribatu bat. Hala, adierazi dute tasa hori aplikatzearen arrazoia ez dela "erabaki politiko bat, baizik eta teknikoa".

David Crestelo EH Bilduko zinegotziak, bere aldetik, EAJren erabakia kritikatu du, ordenantza fiskalaren interpretazioa "partziala" delakoan: "Parekotasunak bilatzen dituzte ordenantzan, talde batek gune publiko bat okupatuko duelako. Hala ere, inondik inora ez da erabilera pribatiboa izango, publikoa baizik, herritar denentzako irekia".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun