Plentziako Udalak ikasteko gela bi gaitu ditu urtarrilean zehar erabiltzeko, bata Goñi Portalen eta bestea Topalekun. Esperientzia pilotu bat da, herriko gazteak aspalditik eskatzen ari ziren beharrizan bati erantzuten diona. "Gure herrian eta batez ere azterketa garaian, ikasleen erabilerarako ahalik eta erosotasun gehieneko espazio egokituak izatea nahi dugu. Udalak dituen lokalak mugatuak dira eta hilabete honetan zehar erraztuko ditugun espazioen behin-behinekotasunaren jakitun izan arren, zerbitzua eskaini nahi dugu, beharrezkoa dela uste dugulako", adierazi du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak. Era berean, erabiltzaileen iritziak jasoko dituzte, horien balorazioak eta beharrizanak biltzeko, ondoren konponbideren bat bilatu eta erantzuna emateko asmoz.
Hasierako esperientzia horren ondoren, ideia da mota horretako zerbitzu jarraitua ematea, lokal batean edo bestean, "baina baldintza onenetan eta beharrezko azpiegituren eskaintza bermatuta", arduradunen berbetan.
Plentziako EH Bilduk gogoratu duenaren arabera, azken hilabeteotan udalerriko hainbat pertsonagaz lantzen ibili den neurrietako bat izan da hori; hala, begi onez hartu du proposamena eta udal-arduradunei "eskerrak" eman dizkio "euren proposamena kontutan hartzeagatik". Hala ere, Aitor Garagarza koalizio abertzaleko zinegotziak deitoratu du proposatutako ordutegiak ez dituela ikasleen beharrizanak bermatuko; dena den, proba pilotua den heinean, ikasleak animatu ditu ikasteko gela horiek erabiltzera eta gerora horien inguruko iritziak emateko.
Urtarrilaren 24ra arte, martxan
Ikasgelak urtarrilaren 4tik 24ra bitartean egongo dira zabalik. Horietako bat Goñi Portalen egongo da eta egunero erabili ahal izango da 09:00etatik 13:30ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte; bigarrena, aldiz, Topalekun egongo da, eta martitzen eta eguenetan erabili ahal izango da 09:30etik 13:30ak arte. Ikasteko gelak WiFi eta ordenagailu eta ekipamendu elektronikoetarako entxufeak dituzte.