Plentziako osoko bilkurak kudeatzeko moduak gatazkak eragin ditu EAJren eta EH Bilduren artean. Lehenengo tirabira 2019ko irailaren 26ko osoko bilkuran izan zen; horretan, koalizio abertzalearen iritziz, gobernu-taldeak (EAJ) araudia "urratu" egin zuen aurretiaz gai-ordenan sartuta ez zeuden puntu bi jorratu zituelako, "oposizioari erantzuteko aukerarik eman gabe".
Hurrengo osoko bilkuran, azaroaren 28koan, aldiz, EAJk "Gobernu Taldearen informazioa" izeneko puntu bategaz egin zuen osoko bilkuraren deialdia (hona hemen deialdia, 9. puntuan ikus daitekeenez). Horren harira, koalizio abertzaleak deitoratu du puntu "generikoa" zela hori, "ez ziguten horri buruzko inolako informaziorik edo dokumentaziorik eman". Azaldu dutenez, puntu horri lotutako dokumentazioa eskatu zuen EH Bilduk erregistro bidez, "baina gobernu-taldeak ez zuen dokumentaziorik eman".
Azken egoera horren aurrean, kexa Bizkaiko Foru Aldundiari helarazi dio koalizio abertzaleak, eta horrek ondorioztatu du osoko bilkuran landutako puntu generikoa kontu-ematea dela eta, ondorioz, hori ez dela batzorde informatiboetan sartu behar, "ez delako inolako akordio batera heldu behar". Hau da, horren helburua da kudeaketaren berri ematea, eta ez bozketara eramatea. Hala ere, Aldundiak gaineratu du puntu horiei lotutako dokumentazioa oposizioaren esku jarri beharra dagoela, gai-ordenagaz batera, "gobernuaren kontrola eta fiskalizazioa modu egokian egin ahal izateko".
Aldundiak joan den urtarrilaren 23an egin zuen publiko txosten hori; horren harira, EH Bilduk deitoratu du gobernu-taldearen jarduteko modua, "horrek eztabaidaren eta ideien arteko konfrontazioaren beldurra adieraz dezake, edo erabakiak hartzeko orduan argudio falta nabarmena. HIRUKA Plentziako gobernu-taldeagaz harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du inolako erantzunik jaso.