Koronabirusa Uribe Kostan

Udala 70 urtetik gorako 250 pertsonari deika dabil, laguntza eskainiz

Unai Brea 2020ko api. 4a, 18:45

"Haien ongizatea zaintzeko, laguntza emozionala eskaintzeko eta funtsezko premiak beteta dituzten jakiteko", 70 urte baino gehiago duten hainbat herritarri deitzen hasi zen Plentziako Udala joan den astean. Mugikortasun-arazoak dituzten beste batzuei ere deitzen ari zaie.

Koronabirusaren krisian kolektibo zaurgarrienetako batzuen egoera zuzenean ezagutzeko hartu du neurria Udalak, "Uribe Kostako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuak eta Bizkaiko Gurutze Gorria egiten ari diren jardueren osagarri modura", Elixabete Uribarri alkatearen berbetan. 

Uribarrik azaldu du egindako deien bidez egiaztatu hala izan dutela pertsona horien etxeetan koronabirusaren zabalkundea geldiarazteko prebentzio-arauak eta osasun-agintarien gomendioak ezagutzen dituztela.

Udalak herritar denei dei egin bakardade-arriskuan daudenak identifikatzen laguntzera, eta behar duten babesa eskaintzera. Halako egoerarik atzemanez gero jakinarazteko eskatu dute, bide hauek erabilita:

  • 656 710 722 telefono-zenbakia (24 orduko arreta)
  • 94 676 37 83 / 94 676 26 74 / 94 676 39 99 telefono-zenbakiak (09:00etatik 10:0etara)
  • gizarte@uribekosta.eus edo css@uribekosta.eus postak elektronikoko helbideak

Bestalde, Udalak gogorarazi du Bizkaiko Gurutze Gorria, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako udalakaz koordinatuta, hiru udalerri horietako boluntarioak kudeatzen dabilela, bertako adinekoei eta pertsona zaurgarrienei laguntza emateko, Gorlizko kiroldegia lantoki modura hartuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun