Formatu digitalean egingo dute Lanbro Beltzaren VIII. edizioa

Erredakzioa 2020ko eka. 4a, 11:27

Azken hilabeteotan kultur ekitaldi asko bertan behera utzi edo atzeratu egin behar izan dira COVID-19aren pandemiagatik. Beste batzuk, ordea, programazioak egoera berrira egokitu ahal izan dute, teknologia berriak erabilita. Horixe izan da Plentziako Lanbro Beltza topaketaren VIII. edizioaren kasua. Jardunaldi horretan, ohi bezala, eleberri beltza izango da protagonista nagusia, baina generoa lantzen duten beste adierazpen artistiko denak ere gogoan izango ditu, hala nola zinema, musika eta komikia.

Calibre 38 aldizkari digitalak eta Plentziako Udalak Lanbro Beltza ekimenaren emanaldi berria martxan jartzeko makinaria martxan jarri dute, formatu berrian bada ere. Aurrekoetan berbaldiak, solasaldiak eta mahai-inguruak egin dituzte, genero beltzeko eleberrietako idazleen eskutik. Goñi Portal kultur etxea izaten zen kuartel nagusia; aurten, aldiz, aldez aurretik grabatutako solasaldiak izango dira horiek eta Internet bidez eskainiko dira, ekainaren 22an eta 29an eta uztailaren 6an. Horretarako hainbat kanal erabiliko dituzte:

Gaiak

  1. Ekainaren 22an: “Eleberri beltzeko egileak”. (Gaztelaniaz)
    • Noelia Lorenzo Pino (Irun). “Emakume batek 2018an idatzitako nobela beltz onenaren saria” Garrafeko Nobela Beltzaren IV. Jaialdian, Corazones Negros nobelagatik. Azken eleberria: La estrella de quince puntas. Erein argitaletxearen nobela beltzeko Cosecha roja bilduman sartzen den lehen emakumea da.
    • Laura Balagué (Bartzelona). Azken eleberria: Muerte entre las estrellas.
    • Moderatzilea: Jokin Ibañez, Calibre.38ko erredaktorea.
  2. Ekainaren 29an: "Euskarazko nobela beltzaren erronka". (Euskara/Gaztelania)
    • Jon Arretxe (Basauri). Azken eleberria: Mesfidatu hitzez. Laster argitaratuko da gaztelaniaz.
    • Aritza Bergara (Sestao). Bere azken nobela, Manos ensangrentadas,
      ekainaren 22an aurkeztuko da.
    • Moderatzailea: Noemi Pastor, Calibre.38ko erredaktorea.
  3. Uztailaren 6an, "Thrillerraren eta nobela beltzaren artean" mahaia. (Gaztelaniaz)
    • Mikel Santiago (Portugalete). Bere azken nobela, El mentiroso, ekainaren 18an aurkeztuko da.
    • Jose Javier Abasolo (Bilbo). Azken eleberria: Una tumba en Jerusalén. Ekainaren 9an aurkeztuko da.
    • Moderatzailea: Juan Mari Barasorda, Calibre. 38ko erredaktorea.

Lanbro Beltza Nazioarteko VIII. Ipuin Lehiaketa ere mantenduko da

Ohikoa den moduan, lanen gaia polizia, intriga eta narratiba beltza izango da. Literatur lehiaketen eta nobela beltzaren jarraitzaileen foroetan mugitu da lehiaketa, eta lanak aurkezteko azken eguna 2020ko ekainaren 12a da, 23:59ak arte. 18 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal dute. Lehiaketak bi modalitate ditu: gaztelania eta euskara.

Oinarriak www.revistacalibre38.com helbidean daude; 300 euroko saria emango zaio modalitate bakoitzeko irabazleari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun