Arpillao aparkalekua zaintzeko eta hondartzako komunak garbitzeko lan-poltsa osatu gura du Plentziako Udalak

Erredakzioa 2020ko eka. 9a, 11:11

Arpillao aparkalekurako zaintzaile eta hondartzako komunen kudeaketaz eta garbiketaz arduratzeko lanpostuen zerrenda osatzeko oinarriak argitaratu ditu Plentziako Udalak. Hala, lan-poltsa horretan sartu gura duten denek ekainaren 10era arte izango dute aukera behar diren agiri guztiak bete eta udaletxean aurkezteko, online bidez edo Correoseko posta zerbitzua erabilita. Udalak ez du zehaztu zenbat lanpostu sortuko diren eta horien hautaketa egiteko irizpideak aldatu ditu aurten.

Lanaldiak zerbitzuak dituen premien arabera ezarriko dira, txandakako ordutegian, astelehenetik domekara: aparkalekua 09:00etatik 17:00etara eta 17:00etatik 01:00etara; eta komunak, eguaztenetik domekara, 09:00etatik 15:30era eta 15:00etatik 20:30era; eta astelehen eta martitzenetan txanda bakar bat egunero, goizeko 10:30etik 15:00etara eta arrastiko 16:00etatik iluntzeko 20:00etara.

Lehiaketa

Lan-poltsa hautagaien merezimenduen araberako lehiaketa bidez osatuko dela zehaztu du Udalak. Modu horretan, lan-poltsa bietan esperientzia profesionala eta euskararen jakintza kontutan hartuko dituzte, modu ezberdinean bada ere. Kasu bietan lan egindako hilabete bakoitzeko (lanaldi osoan eta lan poltsari lotutako eremuari dagokiona) bina puntu emango zaio hautagaiari; garbitzaileen kasuan 80 puntu emango zaio gehienez eta aparkalekuko zaintzaileenean 60 gehienez. Euskararen jakintzari, aldiz, lehenengoen kasuan 20 puntu emango dira HE1 edo goragoko ziurtagiri bat aurkezteagatik; bigarrenen kasuan, aldiz, 6 puntu besterik ez. Aparkalekuko zaintzaileen lan poltsarako, gainera, hautagaiek aurkeztutako IT txartel bakoitzeko bina puntu lortuko dituzte, gehienez 34 puntu lortu arte. Hala, kasu bietan, gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira gehienez.

Behin eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, alkateak edo organo eskudunak hilabeteko epean argitaratuko ditu onartutako hautagaien behin-behineko zerrendak. Ebazpen hori Udalaren iragarki-taulan eta web orrian jakinaraziko dute.

Irizpideen aldaketa

Aurreko urteetan interesdunen hautaketa egiteko balorazioa bestelako modu batean egin izan du Udalak, hautagaien egoera sozioekonomikoa kontutan hartuta betiere, hala nola langabezian egondako denbora, jasotako errenta edo diru-sarrerak, Oinarrizko Errenta jasotzea eta karga familiarra. HIRUKAk Udalari galdetu dio ea zergatik egin duen irizpideen aldaketa hori; hala ere, oraindino ez du erantzunik jaso.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun