Koronabirusa Uribe Kostan

Plentziako Udalak 308.000 euro bideratuko ditu udalerriko ekonomia suspertzeko

Erredakzioa 2020ko eka. 12a, 11:08

COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egin eta udalerriko ekonomia suspertzeko 308.000 euroko diru-partida onartu du Plentziako Udalbatzak, EAJren aldeko botoakaz eta EH Bilduko abstentzioagaz. Hala, premiazkoak jotzen dituzten 23 neurri jorratuko dituzte, hala nola ekonomia, turismoa, merkataritza, enplegua eta nekazaritzako elikagaien eta artisauen jarduera indartzeko.

Udal Gobernuak (EAJ) dio plan hau abian jartzea "oso berri ona" dela Plentziarentzat, nahiz eta Udalak finantza-ahalegin handia egin beharko duen. “Zenbateko ekonomikoa garrantzitsua da. Legegintzaldiaren hasieratik funtsezko helburua izan da Plentziako merkataritza eta turismoa suspertzea. Bi sektoreek kolpe gogorra jaso dute eta pandemia pizgarria izan da oraindik ere gure herrira bisitariak erakartzeko lan egiten duten denda txikiei eta enpresei eta profesionalei gehiago laguntzeko. Elkartasunean, lankidetzan, esfortzuan eta elkar ulertzean oinarritutako kudeaketarekin, lehenbailehen irtengo gara krisi honetatik”, azpimarratu dute tokiko administraziotik. Proposamena aurrera atera da, EH Bildu abstenitu egin ondoren. Hauek, euren aldetik, pandemia hasi zenetik askotariko neurriak jasotzen dituen pakete bi aurkeztu zizkion udal-taldeari, tokiko ekonomia eta gizartea indartzeko.

COVID-19ak sortu duena bezalako ezohiko egoera batean, Plentziako Udalak presazko hainbat neurri hartu ditu. Besteak beste, Ekonomi Garapeneko Zinegotzigoak enpresei zuzendutako zerbitzuak berrantolatu ditu arreta pertsonalizatuak eskaintzeko, eta apustu egin du herriko kontsumoa sustatzearen alde.

Udal gobernuak uste du funtsezkoa dela ekintza-plan bat martxan jartzea aurten, baliagarri izango dena pandemiaren ondorioak arintzeko sektore ekonomiko desberdinetan eta tokiko kontsumoa suspertzeko, betiere kontsumitzaileen segurtasuna eta osasuna bermatuz zerbitzu guztietan. Hauek dira planaren helburu nagusiak:

  • Pandemiak kolpatutako negozioen itxiera saihestea.
  • Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak higiene eta segurtasun neurri berrietara egokitzea.
  • Bizkaiko eta inguruko lurraldeetako bisitariak erakartzea.
  • Plentziarrak herriko establezimenduetan kontsumitzera animatu.
  • Enplegua lortzen lagundu COVID-19ak kolpatutako pertsonei.
  • Herriko produktuen eta produktu artisauen salmenta berraktibatu horretarako atondutako lekuetan.

5 ardatz: garapen ekonomikoa, turismoa, merkataritza, enplegua eta landa eremua

Plana 5 ardatz edo arlotan antolatu da. Garapen Ekonomikoa izango litzateke lehena, 180.000 euroko zuzkiduragaz, jarraian Merkataritza, 56.000 eurogaz; Turismoa, 29.000 eurogaz; Enplegua, 22.000 eurogaz eta Landa Eremua, 21.700 eurogaz.

Arlo hauetako bakoitzean jasotako neurri zehatzenen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Garapen Ekonomikoan: 150.000 euro, Plentziako enpresentzako dirulaguntza programa bat abian jartzeko, Covid-19ak bere jardueran duen eragina arintzeko eta bere negozio-eredua egungo segurtasun- eta osasun-beharretara egokitzeko. Era berean, aholkularitza eta laguntza-zerbitzu bat (15.000 euro) eta ekintzaileei eta proiektu berritzaileei laguntzeko programa bat (15.000 euro) eskaintzen ari dira jada.
  • Merkataritzan: Plentziako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Elkartearekin akordioa (5.000 euro), tokiko kontsumorako kanpaina (25.000 euro), tasak eta zergak berrikustea, merkatari eremuan aktibatzea (14.000 euro) eta merkataritza eta ostalaritza-lokal berriak irekitzeko laguntzak (12.000 euro).
  • Turismoan: Turismo jasangarriko plan bat egitea (5.000 euro). Plentzia "covidfree" bisitak eta produktuak egokitu eta sortzea (5.000 euro), turismoa sustatzeko kanpaina (12.000 euro) eta Barrika eta Gorlizegaz batera turismo jarduerak lantzeko akordioa (7.000 euro).
  • Enpleguan: PLENTZIA LAN abian jartzea: on line enplegu plataforma (2.000 euro), langabezian dauden pertsonentzako laguntzako programa (5.000 euro), coaching eta prestakuntza eskaintza pertsonalizatua (5.000 euro) eta autoenplegurako laguntza ekonomikoak (10.000 euro).
  • Landa Eremuan: PLENTZIAKO MERKATUA aktibatzea. Araudia garatzea eta ekipamendu eta espazioak egokitzea (12.000 euro), nekazaritza elikagai eta artisautzaren inguruko azoka ekitaldiak eta bestelako ekintzak (5.700 euro) eta Plentziako ekintza enoturistikoa bultzatzea (4.000 euro).

Udal arduradunek azaldu dutenez, plan honetan jasotzen diren neurri guztiak Plentziako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Elkarteagaz, Behargintza Uribe Kostagaz, Jata-Ondo Landa Garapen Elkarteagaz eta Uribe Turismogaz elkarlanean adostu dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun