Gune horietan aparkatzea erraztu gura du Udalak, baita udalerriko merkataritza eta ostalaritzari bultzada bat ematea ere, udal-iturriek zehaztu dutenez. Hala, herritarrek doan aparkatu ahal izango dute bi eremuetan ordubetez, behar dituzten kudeaketak egiteko edo erosketak egiteko eta tokiko establezimenduetan kontsumitzeko.
Guneak urdinez markatuta daude eta plazak egunero erabili ahal izango dira 9:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:00etara. Dohainik aparkatzeko gehieneko denbora ordubete izango da. Udal-iturriek azaldu dutenez, ordutegi horretatik kanpoko tarteetan ez da mugarik egongo aparkatzeko.
Horretarako, erabiltzaileek aparkamendu-disko bat lortu beharko dute banaketa-gune hauetakoren batean: Erribera kaleko eta Alde Zaharreko denda eta lokaletan eta turismo-bulegoan. Udala gaur hasi da establezimendu eta lokal horietan mila disko inguru banatzen, eta sistema horren ezaugarriei eta funtzionamenduari buruzko informazio-gutun bat ere eman zaie.
Diskoa ondo ikusteko moduko leku batean utzi beharko da, ibilgailuaren barruan, eta, bertan, aparkatzeko ordua markatuko da. Ordua amaitutakoan, erabiltzaileak ibilgailua kendu beharko du, aparkatzeko gunea txandaka erabiltzeko.
Sistema, proba pilotu gisa garatuko da, eta ondo funtzionatzen badu, Udalak behin betiko ezartzeko aukera aztertuko du.