Hamar familia inguruk eman diote hasiera egitasmoari, eguenean egindako aurkezpen-ekitaldiaren ondoren azaldu zutenez. Umeei libre jolasten utziko diete Plentzia erdigunetik kilometro batera dagoen basoan; baimena lortu dute baso hori erabiltzeko eta daborduko garbitu eta atondu dute. "Jolas librea", zehaztu dute, "haurraren ekimenez sortzen dena da, hau da, ez dago heldurik haurraren erabakian eragiten duenik".
Horrek hainbat onura ekartzen dizkie umeei, proiektuaren bultzatzaileen esanetan. Besteak beste, jolasaren irudimenak posizionamendu morala eta ideien heldutasuna errazten ditu, eta sentimenduak, positibo zein negatiboak, adierazteko bide egokia da. Horrez gain, imitazio-jolasen bidez helduaroko bizimodurako trebatzen dira, eta beste ume batzuekaz jolastean (ume bakoitzak erabakiko du momentu bakoitzean bakarrik edo beste batzuekaz jolastu gura deun) gizarte-trebetasunak lantzen dira.
Umeekiko eta naturarekiko errespetua ardatz izango dute, eta talde euskalduna izango da: "Gaur egun Plentziako ume gehienek, eta heldu askok ere bai, euskaraz badakite baina erabilera eskasa da oraindik kalean, eta hori bultzatu nahi dugu".
Oraindino maiztasuna finkatu ez badute ere, ez dute gura "noizbehinka" basora edo hondartzara joango den talde bat izatea; nahiko sarri bermatu gura dute naturagaz harremana. Taldea osatzen dutenek hartuko dute erabakia, baina gutxienez astean behin joateko asmoa dute printzipioz. Zehaztu dutenez, eguraldi txarra ez da jarduerak garatzeko oztopoa izango, alertarik ez badago behintzat.