Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hainbat lekukok gazte susmagarri biren berri eman zioten Ertzaintzari, hondartzako toallen artean joan-etorrian ari zirela. Halako batean, adingabeen talde bat bertan ez zegoela aprobetxatuta, ustezko lapurrek bizkar-zorro bi eta hainbat telefono mugikor hartu zituzten. Biktimetako batek ebasketa ikusi eta gaizkileetako baten aurka oldartu egin zen, bere zorroa berreskuratu guran. Hala ere, lapurretako batek gaztea bultzatu eta biek harrapakin guztiagaz ihes egitea lortu zuten.
Hainbat lekuko lapurren atzetik joan ziren eta horietako bat harrapatzea lortu zuten, hondartzako pasealekuan. Hala, hura geldiarazi zuten Ertzaintza heldu eta atxilotu arte. Beste lapurrak ihes egitea lortu zuen; hala ere, iturriek jakinarazi dutenez, ordu eta erdi beranduago harrapatu zuten Bilboko San Frantzisko auzoan lapurtutako mugikorretako baten lokalizazioari esker. Lapurtutako objektuak bueltatu dizkiete biktimei.
Atxilotutako gazte biak epailearen esku utzi dituzte.