Beste eraso matxista bat salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur Plentzian

Erredakzioa 2020ko ira. 13a, 09:57
Eraso matxisten kontrako elkarretaratzea Plentzian, artxiboko irudian.

Plentziako emakume batek jazarpen matxista bat salatu duela jakinarazi dute. Hala, eraso hori deitoratzeko elkarretaratzea egingo dute gaur, domekan, 13:00etan Ontziola plazan. Protestaldian parte hartzeko deia egin dute udalerrian lan egiten duten talde feminista biek: Araldi kultur elkarteak eta Sorginen Alabak taldeak; baita Udala osatzen duten alderdi politiko biek ere: EAJk eta EH Bilduk.

Plentzian genero-indarkeriako beste kasu bat jazo da. Eraso matxista hori gaitzesteko asmoz, komunikatu bateratua kaleratu dute EAJ-k, EH Bilduk, Araldi kultur elkarteak eta Sorginen Alabak talde feministak.

Komunikatu bateratua

Hilabete da Astilleron elkartu ginela indarkeria matxista kasu baten aurrean gure gaitzespena adierazteko. Berriro gertatu da. Plentzian genero-indarkeriako kasu berri bat gertatu da, eta orain agertoki berera itzuli behar dugu, aldarrikapen berarekin. Amorruaren garrasi berberagaz. Baina baita emakumeenganako indarkeria ororen aurka borrokan jarraitzeko indar eta gogo berarekin ere. Nazkatuta gaude. Oso nazkatuta.

Gure herrian lan egiten duten bi talde feministek – Sorginen Alabak eta Araldi- eta Udala osatzen duten bi alderdi politikoek – EAJ Plentzia eta EH Bildu Plentzia – Gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu erasoa jasan duen emakumeari, eta gure gaitzespena osoa adierazi nahi diogu eraso berri honen aurrean.

Argi eta garbi esan nahi dugu nahikoa dela, ez dugula gaitz hau jasaten gure kaleetan, lanean jarraituko dugula eta horretarako eskura ditugun baliabide guztiak jarriko ditugula. Borrokan. Ahotsa goratuz. Helburua argia da: indarkeria matxistarik gabeko Plentzia lortzea. Zero eraso. Eta honetan ez dugu negoziatzen. Erasotzaileak: hemen ez dago zuentzako lekurik.

Hemen gaude. Elkartuta. Helburu argi batekin. Ez dugu atzerapausorik emango. Indarkeria matxistaren aurkako borroka ez da soilik mugimendu feministaren, erakundeen eta emakumeen erantzukizuna. Guztion erantzukizuna da. Gizarte osoarena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun