Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Ondarearen Europako Jardunaldiak direla eta, "Plentziako itsasketa hezkuntza eta itsas ondarea" aldi baterako erakusketan murgiltzeko doako bisita gidatuetan parte hartzeko aukera izango dute Plasentia de Butron museora hurbiltzen direnek. Izan ere, arduradunek azaldu dutenez, Plentziako nautika eskola Bizkaiko garrantzitsuenetako bat izan zen, "behintzat, XVIII. mendetik aurrera".
Bisita gidatuak urrian egingo dira museoaren ordutegiaren barruan, zehazki, eguazten eta eguenetan (11:00-14:00) eta bariku eta zapatuetan (11:00-14:00 eta 17:00-20:00). Bisitek 20 minutuko iraupena izango dute, euskaraz zein erdararaz egiteko aukera egongo da eta leku kopurua mugatua izango da (gehienez 6 pertsona, 3 solairu bakoitzeko), beraz, parte hartu gura dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena 946 773 725 telefonora deituz edo contacto@museoplentzia.org helbidera idatziz.