Bederatzi gazte zortzi egunez euskara hutsean bizitzen saiatuko dira

Argia.eus 2020ko aza. 10a, 09:33

Lutxo Egia artistak 2015ean egindako ariketa errepikatu nahi dute. Azaroaren 12tik 19ra euskara baino ez dute hitz egingo bederatzi gazteek. Euskaraldiaren bezperatan egingo dute Gaztealdia izeneko ariketa. Helburu nagusia gazteak aktibatu eta euskara erabiltzeko hautua egitera animatzea da. Gazteak euskalgintzak bultzatutako ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte: “Parte hartu, ez ekimenak ondo atera daitezen, euskarak aurrerapausoak eman ditzan baizik”. Euskaraldian ahobizi rolean parte hartzera gonbidatu dituzte gazteak.

utxo Egiaren ariketari segika, azaroaren 12tik 19ra arituko diren bederatzi gazteak herri hauetakoak dira: Sodupe, Zornotza, Deustu (Bilbo), Plentzia, Lasarte-Oria, Iruñea, Tutera, Donibane Lohitzune eta Urepele. Gazte horiek atzean sarea dute eta ondoko eragileek bultza dute ekimena: Bizkaiko Topa Gaitezen, NUPeko euskara taldea, Iep! Ibaetako Unibertsitateko euskara taldea, Gasteizko EHUko euskara taldea, Baionako Bernart Etxepare Lizeoko Ikasle Asanbladako euskara taldea, eta Galdakaoko Bagabiz euskara elkarteko gazteak.

Zortzi egunez euskara hutsean bizitzeko ariketa egingo dute eta badakite euskaraz bizitzeko dauden oztopoak azaleratuko direla egun horietan. Alabaina, gazteon helburua oztopoak azaleratzea baino gazteen kontzientziak piztea da eta gazteek euskararen erabileraren aldeko hautua egitea.

Zabaldu duten prentsa-oharrak dio gazteok ahots propioz hitz egin nahi dutela beraiek euskararekin duten loturaz. Hala diote: “Euskalgintza Euskaraldia eta Korrika bezalako herri ekimenak antolatzeko gai den arren, kaleetan eta belaunaldi berrien artean ez da euskarari lehengo bultzada emateko energiarik sumatzen. Gazteok, orain arteko hizkuntza politiken eta euskalgintzak egindako hipotesi eta apustuen fruitu garenok, ez ditugu espektatibak bete”.

Ez dakite bederatzi gazteek euskara hutsean bizitzea lortuko duten, baina helburua argia da: Euskararen erabilera determinatzen duten faktoreak identifikatzea eta ikustaraztea. Zentzu horretan bi gako azpimarratu dituzte. Batetik: “Hautu hau ezin dugu herri-proiektu batetik bereiztuta ulertu. Ezin baitugu hizkuntza batez hitz egin lurralde eta herri batez hitz egin gabe”. Berdinen arteko eta zapalkuntzarik gabeko herri baten eraikuntza aldarrikatu dute, “horrek, ezinbestean, herri euskaldun bat dakar berarekin, euskarak ez baitu beste inoren hizkuntza ez naziorik desagerraraziko, gaur egun gure herrian gertatzen ari denaren kontran”. Bestetik: “Euskararen aldeko hautua, euskarak ematen dizkigun aukeren araberakoa izango da. Ezin baitugu erabilerarik ulertu eskubide, eremu seguru eta boteregunerik gabe. Euskaraz bizitzearen hautua hautu zorotzat hartzen baldin badugu, eta konbentzituta gaudenoi hamaika buruhauste suposatzen badizkigu, botere gune ezberdinetan estres sortzaile izanik, nola eskatu txikitatik inguru erdaldun bat eduki duenari euskarak bere atzetik dakarren estresa asumitzeko?”.

Gaztealdian parte hartuko dutenen profilak sare sozialetan zabaltzen ari dira. Hemen horietako bat:

Eduki hau Argiak landu du eta CC-BY-SA lizentzia baliatuz ekarri dugu HIRUKAra

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun