Hiltegi zaharreko merkatura modu seguruan bueltatzeko lanean ari dela dio Udalak

Ander Zarraga 2020ko abe. 10a, 13:03

Zapaturo egiten zuten baserritarren azoka hiltegi zaharrean, pandemiaren aurretik. © EUSKADI.NET

Zapatuan baserritar batzuk Udalaren baimenik gabe hiltegi zaharrera sartu ondoren, Udalak jokaera "arduragabe" hori salatu eta adierazi du azoka segurua izan dadin lokalak behar duen araudia prestatzen ari dela. Plentziako 12 elkartek laborariak babestu dituzte, eta beraien jarduerakaz jarraitu ahal izateko herriko lokalak irekitzeko eskatu diote Udalari.

Abenduaren 5ean, astebururo bezala, Plentzian azoka egiteko prestatzen ari ziren laborariak, baina zegoen hotza eta euria ikusita, martxotik itxita dagoen hiltegi zaharrera sartzea erabaki zuten. Udalak lokala itxi zuen, COVID-19aren aurkako neurriengatik eta, orain, toki horretan garatzen den jardueragaz bat datorren esparru juridiko berrian lanean ari dela jakinarazi dute udal-agintariek. Izan ere, adierazi dutenaren arabera, "hiltegi zaharrak ez du jarduera mota hau hartzeko behar den berariazko araudirik".

Zapatuan merkatuko atea ireki zuen laborariak "arduragabekeriaz jokatu zuela" salatu du Udalak, gainerako parte-hartzaileen eta bezeroan osasuna arriskuan jarri zuelakoan.

Udaletik jakinarazi dutenez, hiltegi zaharrarentzako planteamendu berri bat lantzen ari dira, segurtasun neurriak bete eta merkatuan garatzen den jardueragaz bat datorren esparru juridiko egoki bat egon dadin. “Azken urteotan, guneak ez du aurrerapausorik eman bere jarduera legeztatzeko, elikagaien merkatu bategaz bat datorren forma juridikoa emateko, eta hori da orain egiten ari garena, erakustokiak erabili eta txandakatzeko araudia garatzen”, dio Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.

Hori gauzatzen den bitartean, eta azokak modu seguruan egin daitezen, Udalak kontingentzia plana garatu duen enpresa kontratatu du; Jai Alai frontoia edo Elizako plaza jarri dituzte baserritarren esku, eta azken hori aukeratu dute. Udalak karpa ere erosi du, eguraldiak laguntzen ez duen egunetan merkatua egin ahal izateko.

Horrez gainera, Udalak jakinarazi du aurreikusita duela Aste Santurako araudia berria prest egotea eta tokiaren erabilera baimentzea, hiltegi zaharrean hobekuntza txiki batzuk eginez eta eskualdeko baserritar gehiago erakarriz.

"Kalean egotea zentzugabekeria da"

Azokan parte hartzen duten baserritarrek zapatuko ekintza justifikatu dute, kalean lan egiteko baldintzak jasangaitzak direla esanez, eta lokala irekitzeko eskaria hainbatetan egin arren erantzunik jaso ez dutela gaineratu dute. 

Beste alde batetik, laborariek, eta herriko beste 12 elkartek, pandemiak eragindako egoera larria dela ulertzen dutela esan dute; hala ere, beharrezkoak diren osasun-neurriak beteta lokalak irekitzeko eskatu diote Udalari: "Ez dugu ulertzen udal-lokalak itxita jarraitzea, osasun agintaritzak irekiera maiatzetik baimentzen duenean". Izan ere, beraien jardueragaz jarraitu ahal izateko lokal horien beharra dutela azaldu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun