"Arpillao bizirik" leloaren pean, bateratzea egingo dute domekan

Ander Zarraga 2020ko abe. 24a, 12:50

Plentziako Udalak bazekien eraikina bota behar zutela, baina ez die elkarteei ezer esan orain arte. Arazoari konponbide bat bilatzeko asmoz, premiazko bilera egin zuten atzo, martitzenean, Arpillaoko lokaletan egoitza duten bost elkarteek alkateagaz eta zinegotziakaz; momentuz, komunikazio-mahai bat sortzea bakarrik adostu dute. 

Batzarrean, elkarteek hiru eskari egin dizkiete udal-ordezkariei: lehenik, komunikazio-mahai bat sortzea, Udalaren eta elkarteen arteko komunikazioa egon dadin, orain arte albiste guztiak ahoz aho jaso dituztela diotelako. Bigarren puntuan, elkarteek beraien egoitza barrakoi batzuetan jartzeko aukera proposatu dute, "Udalak ez du dirurik izango eraikina berreraikitzeko, eta lekurik gabe geratzen garenez, barrakoi batzuk jartzeko proposatu diegu", azaldu dute elkarteen ordezkariek. Hirugarren puntuan, aldiz, epe laburreko beste aukera bat ematea eskatu diote Udalari, lokal publikoetan edo frontoian birkokatzeko aukera ematea, Arpillaon gordetzen duten guztia nonbait sartu ahal izateko.

Batzarrean bakarrik adostu dute komunikazio-mahai osatzea, eta elkarte kaltetuenak frontoian kokatuko dituztela, "baina ez dute zehaztu zeintzuk izango diren", azaldu dute elkarteetatik. Momentuz, urtarrilaren 12an berriro batzartzea erabaki dute, eta elkarteek beraien egoera salatzeko, domekan kontzentrazioa egingo dute, 12:30ean, Ontziola plazan. Herrian presioa egiteko asmoz, etorkizunean beste ekintza batzuk egingo dituztela ere aurreratu dute.

Arpillaoko elkarteak, haserre

Elkarteetako kideak haserre daude, ez zekitelako eraikina bota behar zutela, baita erabaki horrek ustekabean harrapatu dituelako ere. Elkarteen arabera, Udalak irailaren 24tik zekien eraikinaren egoera txarra dela eta hori bota behar zutela, baina ez zien ezer esan; aitzitik, lokalen lagapenari buruz hitz egiteko eta pandemiaren neurrien testuinguruan bertara bueltatzeko bai batu ziren. 

Udala komunikatu bat prestatzen ari da gai horren arira, eta bere iritzia hurrengo egunetan argitaratuko duela jakinarazi du. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun