Udalerriko eraikin enblematikoak, leku ezagunak, txoko sekretuak, gastronomia eta hainbat plan eta ibilbide biltzen dituen gida argitaratu du Plentziako Udalak. Horretan, Aste Santutik ekainera bitartean egiteko hainbat plan proposatzen dituzte.
Gida hori paperean edo www.visitplentzia.com webgunean aurkitu daiteke. Udal-iturriek azpimarratu dute horren helburua dela pandemiaren ondorioz galdu den Plentziako ekonomia-sarea suspertzen laguntzen duen fluxu-turistikoa berreskuratzea.
"Plentziako ekonomia zerbitzu, ostalaritza eta merkataritzaren % 80 baino gehiagoren mende dago, eta denok ahalegina egin behar dugu gure herri zoragarri hau bisitatzea segurua izateko, pertsonen osasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak errespetatuz”, azpimarratu du Iñaki Saenz de la Fuentek, Garapen Ekonomiko, Turismo, Merkataritza, Enplegu zinegotziak.
Bisita gidatuak
Ekimen horren barruan, Plentziako Udalak bisita gidatu bi antolatu ditu, apirilaren 4an eta 11n, Plasentia de Butron museoko altxorrak eta Alde Zaharreko eraikin adierazgarrienak ezagutzera emateko.
Bisitak 11:30ean hasiko dira, eta ordubete inguru iraungo dute (ordu erdi museoa bisitatzeko eta ordu erdi Alde Zaharrean barna). Parte hartu gura dutenek Turismo Bulegoan eman beharko dute izena, 946 774 199 telefonora deituta edo turismo@plentzia.eus helbidera idatzita. Jardueraren prezioa euro bikoa izango da; aldiz, ume eta jubilatuentzako sarrera doakoa izango da.