Plentziako Udalak aurrera jarraitzen du Areatza kalea hobetzeko eta birgaitzeko lanakaz, eta, daborduko, Gallardako portu parean dagoen espaloia oinezkoentzat irekita dagoela jakinarazi du. Tarte horretan, ur-hornidurako eta saneamendu-sarea berritzeaz gain, argiteria publikoa ere hobetu dute, LED teknologia duten argi berriakaz.
Udal-iturriek nabarmendu dute Areatza kalearen birgaitze urbanistikoa dela 2021ean egingo duen proiekturik garrantzitsuenetako bat. Hala, Plentzia eta Gorliz lotzen dituen bide nagusietako bat egokitzeko obrek 540.000 euro (BEZ barne) baino gehiagoko aurrekontua dute.
Birgaitze integraleko proiektuan hainbat motatako jarduketak sartzen direla zehaztu dute. Alde batetik, ur-hornidura berritu eta errepide osoaren zoladura aldatuko da, Charterra dagoen biribilgunetik PIE parean dagoen biribilgunearen hasieraraino. Argiteria publikoa ere hobetuko da, dauden argiak berrituz eta gaur egun argiztapenik ez duten zenbait puntutan luminaria berriak jarriko dituzte.
Plentziako eta Gorlizko udalek sinatutako hitzarmenaren emaitza dira obrak horiek, udalerri bakoitza galtzadaren zati baten titularra baita. Era berean, Ur Partzuergoa arduratu da proiektua idazteaz eta obra zuzentzeaz.