Artisautza azoka egingo dute bihar Plentzian

Erredakzioa 2021ko mai. 8a, 13:11
Artisau azokak osasun-neurri guztiak beteko dituela adierazi dute

Plentziako VII. Artisautza Azoka egingo dute bihar, maiatzak 9, Labastureko frontoian. Indarrean dagoen osasun-araudia eta segurtasun-neurriak beteta egingo den merkatua izango dela adierazi dute udal-iturriek.

Lehen sektoreak eta artisauek bere lekua izango dute bihar, maiatzaren 9an, Plentzian egingo den merkatuan; izan ere, Labastureko frontoian eta ondoko aparkalekuan egingo dute Plentziako VII. Artisautza Azoka.

Ekimen horregaz, Plentziako Udalaren helburua da lehen sektorearen eta artisau-sektorearen lana balioestea. Horrela, kolektiboak bizi duen egoera zaila arindu gura dute, produktuentzako kaleko salmenta- eta erakusketa-gunea eskainiz. Gaineratu dutenez, Udalak konpromisoa hartzen du pandemia egoera honetan Bizkaiko eta Euskadiko artisauak alde batera ez uzteko.

Bestalde, Iñaki Saenz de la Fuente Landa Inguruneko zinegotziak gezurtatu egin ditu asteotan hedatu diren bere talde teknikoaren lana zalantzan jartzen zuten albisteak: "Baztertu egiten ditugu azken asteetako maniobra mediatikoak, herritarrak nahastu baino ez dituztelako egiten. Interes alderdikoiak alde batera uzteko unea da". Gaineratu du pertsonen segurtasuna bermatzen jarraituko dutela, eta, horretarako, egin dituzten azoka guztietan kontingentzia-plana ezarri dutela. Zehaztu du apirileko azken edizioaren antolaketa zuzena izan zela adierazten duen txostena ere dutela.

Ildo horretan, Udalak azpimarratu du euskal artisautza babesteko borondate irmoa duela, udalerriaren araberako dinamismoa eskainiz, herritarrei segurtasun- eta osasun-neurri guztiak bermatuta. Era berean, udal-gobernuak jakinarazi du kokapen berriak bilatzen ari dela, merkatuaren irisgarritasuna hobetzeko eta ekimenak espazio gehiago eta hobek eskaintzen jarrai dezan, bai artisauentzat, bai bertaratzen diren pertsonentzat ere. 

Kontingentzia plana

2020ko urritik antolatu dituzten azoken segurtasuna bermatzeko, Udalak enpresa bat kontratatu zuen. Horregaz batera, indarrean dauden osasun-arauetan oinarritutako kontingentzia eta arriskuen ebaluazio-plana sortu zuen, artisauei eta bertaratutakoei gune segurua eskaintzeko helburuagaz.

Plan horren arabera, guztira 18 postu jar zitezkeen horretarako mugatutako esparruan, Labastureko frontoian eta ondoko aparkalekuan, hain zuzen ere. Hala ere, lehen azoketan, postu kopurua 15era murriztea erabaki zuten, "segurtasuna are gehiago bermatzeko".

EHAAn argitaratutako martxoaren 6ko 13/2021 Dekretua iritsi zenean, merkatuei buruzko neurriak aldatu egin ziren, eta, horregatik, Udalak ere bere neurriak egokitu behar izan zituela adierazi dute. Dekretu horretan adierazitako postuen arteko distantzia handiagoa mantendu zutela ere nabarmendu dute (0,5 gehiago); horren arabera, gehienez 21 postu ipini daitezke, eta apirilaren 4ko azokan kopuru hori bete zen.

Jarraian, Udalak antolatutako azoka bakoitzean instalatu dituen postu-kopurua adierazi gura izan du, baita edukiera osoaren arabera baztertutako eskaeren zenbatekoa ere:

  • Urria (II. Azoka): 14 postu
  • Azaroa (III. Azoka): 13 postu
  • Abendua (IV. Azoka): 14 postu
  • Martxoa (V. azoka): 18 postu eta onartu gabeko eskabide bat
  • Apirila (VI. Azoka): 21 postu eta onartu gabeko 5 eskaera.
  • Maiatza (VII. azoka): 21 postu eta 35 onartu gabe
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun