Plentziako portuko plazen esleipen-prozesuaren atzerapena Eusko Legebiltzarrera eramango dute

Ander Zarraga 2021ko mai. 12a, 10:21

Plentziako portuak 5 eta 11 metroko luzera duten 200 itsasontzi inguru har ditzake.

Barne-portuko amarraleku berrien zozketa egin zenetik hilabete bat baino gehiago pasatu da, eta Euskadiko Kirol Portuak erakundeak ez ditu oraindino emaitzak argitaratu. Egoera horrek parte hartzaileen artean sortu duen ezinegonagatik, eta gardentasun falta egotzita, EH Bilduk informazio eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari.

Plentziako barne-portu berriaren amarralekuen esleipena Eusko Legebiltzarrera eraman du EH Bilduk, horren atzerapena eta gardentasuna falta "nabarmena" izan direla gaitzetsita. Zozketa martxoaren 31n notarioaren aurrean egin ondoren, Euskadiko Kirol Portuak erakunde publiko kudeatzaileak PROA Kirol Elkarte Nautikoari adierazi zion apirilaren bigarren erdialdean ezagutaraziko zituztela emaitzak. Baina argitalpena atzeratuz joan da, eta EKPk adierazi zuen emaitzen argitaratzea maiatzaren erdialdean egingo zuela.

Gauzak horrela, Unai Fernandez EH Bilduko legebiltzarkide eta bozeramaileak Eusko Legebiltzarrera eraman du gaia, Jaurlaritzari atzerapen horren zergatiaz galdetzeko. Prozesuan emandako gardentasun-falta dela eta, zozketagaz lotutako espediente osoaren kopia bat ere eskatu du bozeramaileak.

Bere aldetik, EKPk adierazi du atzerapen hori "EHAAn argitaratzeko dokumentuak dituen zailtasunagatik" izan dela. Eta azaldu dutenez, izan dituzten eskaera kopuru handia dela eta eskabide bakoitza banan-banan aztertu behar izan dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun